euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurelia Arkotxa: 'Diasporako euskaldunek enbaxadore bat behar baldin badute Euskaltzaindian, ni prest naiz'

2007/03/31

Aurelia Arkotxa euskaltzain berria
Aurelia Arkotxa euskaltzain berria

PUBLIZITATEA

Euskaltzaindiak Aurelia Arkotxa idazle lapurtarra aukeratu zuen atzo euskaltzain oso, Donostiako egoitzan egin zuten bilkuran. Arkotxak 25. aulkia beteko du eta gehiengo osoa lortu zuen bozketan, Euskaltzaindiaren Arautegiak agintzen duen legez. Baigorrin jaioa Hendaia bizi da egun Arkotxa, baina urte luzeak pasa ditu Kanadan ere, hango euskal taldeekin harremanetan. Diasporarekiko sentsibilitate berezia agertzen du euskaltzain berriak, eta Argentinara bidaiatzeko asmoa azaldu dio BasqueHeritage.com-i, Tres Arroyosen bizi izan zen aitatxiren bidea berregin eta hango euskaldunekin harremanak sakontzeko.
Aurelia Arkotxa da euskaltzain oso berria. Izan ere, Euskaltzaindiak atzo Donostian egin zuen osoko bilkuran bereganatu zuen Akademiaren 25. aulkia, erabateko gehiengoz, araudiak dioen gisan. Iragan otsailaren 23an Bilbon eginiko osoko batzarrean proposatua zuten bere izena Jean-Louis Davant, Emile Larre, Txomin Peillen eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek.

Aurelia Arkotxa Mortalena Baigorrin (Nafarroa Beherea) sortu zen 1953ko urriaren 3an. Haurtzarotik bizi izan da Hendaian, ordea, Kanada aldean eman zituen urte batzutan ez ezik, eta hendaiartzat dauka bere burua. Filologia Hispanikoan lizentziatua da eta Euskal Filologian doktoretza lortu zuen 1990ean. Tesia Bordeleko Unibertsitatean aurkeztu zuen, Gabriel Arestiren gainean idazten zen lehena, 'Maldan behera' poemari buruzkoa. Bordeleko Michel de Montaigne Unibertsitatean Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedraduna da 2000. urteaz geroztik. Arkotxak Bordelen eta Baionako Fakultatean Literatura eta Literatur Teoria irakasten ditu eta IKER-CNRSko ikerlari taldeko partaidea da.

Ternuako euskaldunak eta Argentinako aitatxi

Kanadan bizitako urteak bere lanetako baten inspirazio iturri izan ziren: 'Septentrio' liburua da lana eta 2001ean euskaraz argitaratu eta joan den urte bukaeran frantsesezko bertsioa ere izan du. Bertan Arkotxak euskal arrantzaleek Ternua aldean utzitako arrastoak jarraitzen ditu, bertako herri eta bazterren izenak malenkonia eta misterioz betetako poema eta narrazioak osatzeko tresna bihurtzen dituelarik. 'Biziki maite ditut Kanada, Québec eta Ternua', azaltzen du Arkotxak. ''Septentrio' nire bizi haren testigantza bat da'.

Liburuaren frantsesezko bertsioari gaztelaniazkoak ere jarraituko dio laister eta honen bidez Hegoamerikako herrietan bere lana aurkezteko parada izatea espero du Arkotxak. 'Hego Amerika oso presente dago nire familian, ama eta aitaren aldetik familia dudalako Txile eta Argentinan. Nire aitatxi zena Bizkaiko Orozkotik atera eta Argentinara joan zen, Tres Arroyos eta Juan E. Parra herrietara', aipatzen du euskaltzain berriak. Euskal Herrira bueltatu ondoren ere 'Argentina oso hurbil zuen aitatxik, eta bere istorioak eta abenturak kontatzen zizkidan'. Haurtzaroan entzundakoak nola edo hala atera, idatzi beharra sentitzen du orain Arkotxak, eta Argentinara bidaiatzeko asmoa agertu du, 'hango jendearekin dialogo bat ukaiteko'.

Poeta, idazle eta aldizkari sortzailea

Arestian aipaturiko 'Septentrio'z gain, Aurelia Arkotxak ondoko liburuak argitaratu ditu, besteak beste: 'Atari ahantziak' (1993), Antoine d’Abbadie, Pensées études et voyages de 1835 (1997, Patri Urkizurekin batera), 'Euskal kritika gaur', Mari Jose Olaziregirekin batera (2002) eta Imaginaire et poésie dans 'Maldan behera' de Gabriel Aresti (1933 – 1975) (ASJU argitalpenak, Donostia, 1993). Maiatz aldizkariko sortzaileetakoa da. Lapurdum agerkari zientifikoaren zuzendaria da. Argia eta Berria komunikabideetan argitaratzen ditu artikuluak eta Sautrela programan ere kolaboratzen du.


Lotura interesgarriak

Aurelia Arkotxaren soslaia
'Aurelia Arkotxa' inguruan sakatu

Idazle hendaiarrari buruzko informazio gehiago
www.basqueliterature.com-en

Bere poema batzuk
www.basquepoetry.net-en

Aurelia Arkotxa Montrealeko 7. Literatura Jaialdian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko martxoaren 29an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia