euskal diaspora eta kultura
2013/08/01
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Diasporako hainbat euskal erakunderekin bat eginez, Argentinako hiriburuko Laurak Bat-ek ere ospatuko du aurten Iñaki Deunaren jaia. Izan ere, ekintzak atzo hasi ziren, santu euskaldunaren egunean bertan, Buenos Aireseko San Ignacio elizan. Joaquin Sucunza monsinoreak emandako mezan euskal etxeko dantzari eta musikariak arduratu ziren guardiaz eta ohoreko Aurreskuaz.
Gipuzkoa eta Bizkaiko patroiaren omenezko ekitaldiekin jarraitzeko, datorren larunbatean, beste bi proposamen luzatuko dizkio Laurak Bat-ek komunitateari. Arratsaldeko 4etan, esku pilota eta xare erakusketa egingo da etxeko pilota lekuan. Arratsaldeko 7:30etan, berriz, Lagun Onak Abesbatzak kontzertua eskainiko du.
2013ko Aste Inaziotarra dantza erakustaldi eta bazkari batekin bukatuko da. Hitzordua igandean, 4an, da, eguerdiko 12:30etan, eta etxe anfitrioiko dantzariekin batera Lomas de Zamorako Denak Bat-ekoak aurkeztuko dira. Bazkariaren baitan 2013ko Barruko Mus Txapelketako sariak banatuko dira. Erreserbak egiteko, 4383-3903 telefonora deitu edo secretaria@laurakbat.com.ar helbide elektronikora idatzi.
Datozen asteetako proposamenak
Abuztuko beste hainbat kultur ekintzetan parte hartzera gonbidatzen du Laurak Bat-ek. Hasteko, abuztuaren 10ean "Akelarre" Ipuin Taldeak ahozko kontaketen urteko bosgarren emanaldia eskainiko du Buenos Airesko euskal etxean. Gogora dezagun 2010ean sortutako taldeko partaideak Susana Baudizzone, Beatriz Bollatti, Adriana Castro, Liliana Fiorilli, Cristina Gianella, Maria Rita Joga, Monica Jurado, Gabriela Mendia eta Mercedes Nogueira kontalariak direla eta euskal eta orokorrean literatura unibertsaleko ipuinak kontatzen dituztela Vivi Garciaren zuzendaritzapean. Ikuskizuna iluntzeko 8:30etan izango da etxeko auditoriumean eta sarrera, borondatea.
Larunbatean bertan, Lagun Onak abesbatza Buenos Airesko Zuzenbide Fakultatean aurkeztuko da, Avellanedako Udaleko Orkestra Sinfoniko eta Carlos Ullan tenorea lagun. Errezitala arratsaldeko 6etan izango da eta sarrera, dohain.
Gonbiteekin amaitzeko, Laurak Bat-ek jakinarazten du abuztuaren 18ra arte ikusi ahal izango dela Buenos Airesen Iruñeko La Cuerda Teatro taldearen ‘Flores arrancadas a la niebla’ antzezlana. Emanaldiak bi antzokitan burutuko dira:
-Larunbatetan, gaueko 10etan, Entretelones Espacio
Teatral antzokigunean, Enrique Martinez kaleko 1427. zenbakian;
-Igandetan, arratsaldeko 6etan, Belisario Kulturgunean,
Corrientes kaleko 1624an.
Sara Pagolaren hitzaldia
Beste alde batetik, eta azken bolada honetan gauzatutako ekintzen artean, aipatu behar da Euskadiren Argentina-Mercosur-erako ordezkaria den Sara Pagolak hitzaldi bat eman zuela Laurak Bat Euskal Etxean.
[Uztailaren 19an eman zuen bere hiztaldia Sara Pagolak Laurak Bat-en (argazkia Euskadiko Ordezkaritza)]
Bere mintzaldian Urkullu Lehendakariaren gobernuak Euskadiren internalizaziorako dituen lan ildo nagusiak azaltzeaz gain Euskadi-Basque Country marka ere aurkeztu zuen Pagolak. Ostiral berean, eta hitzaldia bukatutakoan, ‘Lagunaren Eguna’ ospatu zuten Laurak Bat-eko kideek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus