euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Atzo Garestik abiatua, martxan da Korrika 21 Euskal Herri osoan, geografikoan zein diasporikoan

2019/04/05

Korrika 21ren lehenengo metroak Garesen, Nafarroan
Korrika 21ren lehenengo metroak Garesen, Nafarroan

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Korrikaren lekukoak 21. edizio honetako lehenengo urratsak eman zituen atzo Garesko plazan, jendetza bat lagun eta sostengu zeukala. Datozen egunotan eta 14an Gasteiza iritsi aurretik, 2.500 kilometro egingo ditu, erraz esaten diren xifrak, baina egiaz duten neurria hartzeko eseri eta irudikatzeko saio handia eskatzen dutenak. Are gehiago, jakinik munduko hainbat lekutan izango duen --izaten ari den-- hedapen esanguratsua, sarritan milaka eta hamarmilaka kilometrora egon daitezkeen baina euskal taupada azkarra bizigarri duten hamaika euskaldun, euskaltzale, euskal etxe eta komunitateen eskutik, tartean Etxepare Euskal Institutuko irakurletzak eta munduko euskaltzaleak oro. Ez da txikiagoa bertatik isuriko den atxikimendua, besteak beste jarraian bildu ditugun leku eta hitzorduetan gauzatuko dena.

Honakoak aurreko egunetan argitaratu ditugun proposamen eta ekitaldiei gehitu behar zaizkie. Hara:

-Munich, Alemania. Munitxeko Euskal Elkarteak antolaturik, apirilaren 13an, 17etatik aurrera, Max-Joseph-Platzen hasi eta Geschwister-Scholl-Platzen bukatuko da Korrika. Abiatu aurretik aurkezpen txiki bat egingo da euskaraz eta alemaniraraz eta ondoren musika lagun ekingo zaio ibilbideari. Ondoren, kalejira eta euskal dantzak.. Ondotik, elkarretaratzea Das Provisorium tabernan afari-merienda partekatzeko.

-Buenos Aires, Argentina. Argentinar hiriburuko Euskal Echea Institutuak apirilaren 9an izango du bere Korrika ehunka gaztetxo partaide.

-Graz, Austria. Austriako Korrika apirilaren 13an gauzatuko da programa honekin: 9:30etan, Schlossberg-en bildu. 10etan, Korrikaren hasiera (Schlossberg). 10:30etan, Jakominiplatz- Hauptplatz-era iritsiko. 11etan, Talde argazkia (Hauptplatz). 12:30etan, Poteoa. 15etan, Herri bazkaria. 19:30etan, Erromeria. 23:00etan, Dom in Berg-en, tragoak.

-Edinburgo, Eskozia. Apirilaren 13an izango da Korrika. Informazio gehiago, hemen.

-Alacant, Espainia. Alacanteko Hizkuntza Eskolako irakasle eta ikasleek apirilaren 13an egingo dute Korrika.

-Mallorca, Espainia. Apirilaren 6an egitarau hau garatuko du Mallorcako Artea Euskal Etxeak Jordi Caldentey enparantzan. 12:00etatik aurrera euskal musika eta bertsolaritza, “Gibelurdinek” taldea eta Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia bertsolariak lagun; 13:00etan Korrika Manacorreko Alde Zaharretik. Amaieran “Al·lots de Llevant” castellers taldeak euskararen lekukoa ahalik eta garaien igoko du. 14:00etatik aurrera bazkari herrikoia .

-Washington DC, AEB Washingtongo Euskal Etxeak adin guztietako lagunak gonbidatu ditu Korrikarekin bat egiteko. Deialdia apirilaren 7rako da, goizeko 11etan Jefferson Dr. eta 3rd St. Kantoian (American Indian Museum ondoan). Korrikaren ondoren, Elephant & Castle tabernan (1201 Pennsylvania Av) poteoa

-Amsterdam, Holanda. Apirilaren 7a izango da, programa honekin: 13etan, Dam plazan elkartzea; 13:30etan, Korrika Amsterdameko kaleetan Oosterpark-era arte; 15etan Joe`s Garage-en elkartzea, bazkaria eta jolasak; 19-20etan, amaiera.

-Liverpool, Ingalaterra: Liverpooleko Unibertsitateko Etxepareren irakurletzako ikasleak eta tokiko euskaldunak apirilaren 6an bilduko dira, eguerdiko 12:00etan Unibertsitateko campusean (Abercromby Square-n) eta bertan egingo dute Korrika, ondoren hamaiketakoa egiteko

-Londres, Ingalaterra: London Basque Society Euskal Elkarteak antolaturik apirilaren 13an izango da Korrika Eguna London Fieldsen. Jatekoa izango da eta dantzari eta euskal folka jotzen duten musikaak lagun Korrika sinbolikoa egingo da.

-Montreal, Quebec. Euskaldunak Quebec Elkarteak apirilaren 6an egingo du Korrika. Elkargunea La Fontaine parkea, arratsaldeko ordu 2etan. Jaiak Station Ho.st tabernan (1494 Ontario) segituko du euskara ikasleen mezuaren irakurketa, Korrikaren zuzeneko jarraipena, kantu, musika eta dantza, barne. Informazio gehiago, hemen.

-Bordele, Frantzia. Bordaleko Euskal Etxea Euskal Herriraino 'jaitsiko' da eta Korrikaren 694. kilometroa egingo du, Mehaine eta Garrüze herrien artean, apirilaren 7an, goizeko 11:28etan.

-Bristol, Ingalaterra. Bristoleko Euskal Etxekoek, beste hainbeste egingo du, kilometroa erosi baitute, 2467.a, Araban, gasteizen, Erretanan;

-Paue, Frantzia. Eta baita Paueko Lagun eta Maita euskal etxekoek ere, Korrika Maulera helduko delarik, bertara bilduko baitira euskararen alde tipi-tapa aritzeko.

-Banyoles, Katalunia. Apirilaren 14an egingo da, programa honekin: 11etan, dorsal eta petoen banaketa partehartzaileei; 12etan, Korrika: Banyoleseko lakura, joan-etorria; 13:30etan bazkari herrikoia; 15:30etan, euskal jolasak, musika, dantza...

-Shanghai, Txina. Shanghaiko Euskal Etxeak Qiandeng herritik Shanghaiko Euskal Etxeraino egingo du Korrika apirilaren 13an. Qiandeng-en, Mondragon Kooperatiba parkea kokatuta dagoen herrixkan, parkeko langileei bazkaltzen ematen dien baserrian gosaria antolatuko da korrikalari guztientzat, eta ondoren, furgoneta baten laguntzaz, bi puntuen artean dauden 40 km pasexeak egingo dituzte. Txandaka arituko diren lau talde antolatu dira. Shanghaiko Euskal Etxera heldutakoan, bazkaria eskainiko zaie gerturatu nahi duen guztiei.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia