euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Atzo amaitu zen La Plata hiri argentinarrean urtero HABEk eta FEVAk antolatzen duten udako euskara barnetegia

2008/01/28

HABEk eta FEVAk La Platan atzo amaitu zuten barnetegiko partaideetako batzuk (argazkia HABE)
HABEk eta FEVAk La Platan atzo amaitu zuten barnetegiko partaideetako batzuk (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

Argentinako euskara irakasleak aurten ere astebetez 'ikasle' bihurtu eta euren euskara praktikatzeko aukera izan dute, HABEk eta FEVAk antolatutako udako barnetegian [orain uda da Hego Hemisferioan]. Barnetegia La Platan izan da eta urtarrilaren 19an hasi eta atzo bukatu zen. Argentinako Tandil, San Juan, Mendoza, Bragado, Tres Arroyos, Buenos Airesetik... eta Uruguaitik etorritako irakasleak aritu dira, zortzi egunez mintzamena lantzen.
'Irakasle hauek urtean zehar bakarka ikasten dute, internet bidez, Euskal Herritik bidali eta kudeatutako materialarekin. Urtero bi barne-ikastaro egiteko elkartzen dira ahozkoa lantzeko, horrela 120 bat ordu egiten dituzte bakarka eta 96 ordu aurrez-aurre barnetegian', azaltzen du Kinku Zinkunegik, barnetegian parte hartzen aritu izan den HABEko teknikariak.

Aurten barnetegiak aurreko edizioetan baino ikasle gutxiago izan izan ditu, baina bitxia bada ere, berri ona da hori. Aurten taldea bitan banatu dute eta Diaspora II taldekoak (23 irakasle), Euskal Herrian daude ikastaro trinko bat egiten. Hori dela eta oraingoan Diaspora I taldekoak bakarrik izan dira barnetegian. 'Ikasleak Argentinako mutur guztietako euskal etxeetatik etorri dira: Mendoza, San Juan, Buenos Aires, Tandil, Tres Arroyos, Bragado... eta baita Uruguaiko bi irakasle ere', agertzen du Zinkunegik.

Seigarren urratsean jada

Pozik agertu dira ikasle zein antolatzaileak barnetegiaren emaitzarekin eta, oro har, Argentinan Euskaraz ekimenaren lorpenekin. 'Ez da makala izan irakasle talde honek egin duen lana ere. Diaspora II-rekin batera hasi baziren ere, ondoko urtean bi taldetan banatu genituen maila aldetik alde nabarmena sortu zelako talde barruan. Hauek lirateke mailarik baxuena dutenak, baina, hala ere, dagoeneko 6. urratseko edukiak ikusiak dituzte eta aprobetxamendua ere oso-oso ona izan dute', aipatzen du HABEko teknikariak.

Datozen bi urteotan, alegia 2008 eta 2009an, ikas eredu bera mantenduko du ekimenak (internet bidezko trebakuntza eta bi barnetegi urtean mintzamena lantzeko). 'Hartzaileek egiten duten balorazioa ezin hobea da eta geuk egiten duguna ere bai. Horrela, 2009an taldeko gehienak HABEren kurrikuluaren lehenengo maila egiaztatzeko aukera izango dute', aurreratzen du Zinkunegik.

Argentinan Euskaraz 2008 prest

Barnetegia hastearekin batera FEVAk bilera orokorra egin zuen La Platan, beste hainbat gaien artean Argentina Euskaraz ekimenari buruz solasteko. Bilera honetan Euskara Munduan programaren koordinatzaile den Kinku Zinkunegik programaren 2008/11 egitasmoaren berri eman zien, ondoren Argentina Euskarazen 2008rako egitasmoa adosteko.

[Goiko irudian Mari Luz Artetxe FEVA eta HABEren arteko lankidetza akordioa sinatzen, Kinku Zinkunegi begira duela (argazkia HABE)]

Horren ondoren eta bilera berean FEVA eta HABEren arteko urteroko hitzarmena sinatu zuen Mari Luz Artetxe FEVAko lehendakariak. Bi aldeei dagokienez, hitzarmenaren sinatzaileak Mari Luz Artetxe (FEVA) eta Joseba Erkizia (HABE) izan dira. Akordio honetan jasotzen da, hain zuzen, 2007/08rako Argentinan eskaintzen diren euskarazko eskolei buruz FEVAk egiten duen aurreikuspena. Ikasturte honetan 7.700 eskola ordu baino gehiago emango dira Argentinan eta, bataz besteko ikasle kopurua 900etik gorakoa izango dela aurreikusten dute, hori euskal etxeetan euskal txoko eta taldeetan dabiltzan umeak kontuan hartu gabe.

[Goiko irudian La Platako Euskal Etxean egin zen FEVAren bilera]


Lotura interesgarriak

HABE institutua
www.habe.euskadi.net

FEVA
www.fevaonline.org.ar

Diaspora II taldea Lazkaoko Maizpide barnetegian
EuskalKultura.com-ena rgitaratua 2007ko azaroaren 27an

2003-2007ko planeko azken barnetegia, Rosarion
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 30ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia