euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Atzerritar arbasoen etxean: Retbask elkartea sortu dute EHra bueltatu diren euskaldunen ondorengoek

2011/06/02

Izar Errandonea euskal uruguaitarra, RetBaseko eleduna
Izar Errandonea euskal uruguaitarra, RetBaseko eleduna

PUBLIZITATEA

Atzerritarrak arbasoen etxean; horrela sentitzen dira Euskal Herrira bueltatzen diren euskal emigranteen ondorengo asko eta asko. Eurena bezala sentitzen duten lurraldea eta kultura da, baina kanpotar gisa hartuak dira. Egoera hau aldatzeko asmoarekin sortu da berriki RetBask elkartea eta hasi da jada euskaldunen ondorengo hauen egoera sustatzeko neurriak eskatzen. "Euskaldun izatea mugak gainditzen dituen zerbait da, ez gara euskaldun leku jakin batean jaio garelako, euskaldun sentitzen garelako baizik", azaldu dio EuskalKultura.com-i elkarteko kide den Izar Errandoneak.

Donostia-San Sebastian. Bi uruguaitar Euskal Herrira etorri ziren eta kalean elkar agurtzen ari ziren bi lagun ikusi zituzten. "Kaixo Agirre!" esan zuen batek, eta besteak erantzun: “Zer moduz familia, Etxeberri?". Hura entzutean, uruguaitar batek zera esan zion besteari: “Ché, ez nekien hemen hainbeste uruguaitar zegoenik…”. Txiste honekin laburbildu du Izar Errandoneak bere herrikide askok Euskal Herrira etortzean sentitzen dutena.

Euskal jatorridun uruguaitarrentzat egoera are bereziagoa da, eurek euskal ohiturak, hitzak, ikurrak eta batzuetan lekuak ere ezagutzen dituztelako. Familian txikitandik entzun izan dute eurei buruz, aiton-amonen edo gurasoen ahotan. Izarrek, adibidez, esperientzia sakona bizi izan zuen Euskal Herrira etorri zenean: "Oso hunkigarria izan zen nire geneek aurretik ezagutzen zituzten lekuak ikustea", azaltzen du. 

Errandoneak bere aitaren familia ezagutu zuen Beran, eta Derioko elizbarrutiko artxiboei esker amaren familiaren istorioa berreskuratu zuen: "nire historiaren parte hori ez nuen ezagutzen, amak aita lau urterekin galdu baitzuen eta amari erakutsi ahal izan nion, bere istorioa eta bere aitarena eta aiton-amonena ere bazelako. Sentsazio oso berezia da. 'Fusioa' da hitza, aurretik sekula bizigabeko sentimendu bat".

'Ezaxolakeria'

Esperientzia hori edo antzekoa bizi dute beste herrialdeetako euskal emigranteen ondorengoek ere: Argentinakoek, Mexikokoek, Venezuelakoek... Hala ere, askotan arbasoen sorterrira iristean ezusteko desatsegina jasotzen dute, gizartearentzako 'atzerritarrak' baino ez direla deskubritzen dutenean. Errandoneak dio berak "beste edonon hartuko ninduketen bezala" hartu zutela sentitu zuela: "atzerritarra bezala, desberdindu gabe; are gehiago, 'ezaxolakeriaz'".

Egoera honen aurrean, Errandoneak eta elkarteko kideek salatzen dute gaur egun ez dela "bueltatu diren euskal emigrazio horren ondorengoez hitz egiten", nahiz eta Euskal Herriko familia gehienetan emigranteak dauden. "Eta halarik ere, izan bagara". 

Bueltatu direnentzako plana

Hori dela eta joan den otsailaren 20ean RetBask elkartea sortu zuten. Maiatzaren 2an ofizialki onartua izan da elkartea eta hasi dira jada euren ekimenak prestatzen. Helburuen artean zera azpimarratzen dute: bueltatu direnen egoera sustatzeko neurriak hartzea eta plan egokitu bat egitea. "Horixe eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari", dio Errandoneak. "Herri bateko kide zarela aintzat hartzeko eskatzea da, herri horretatik zatozela eta bertan lekua baduzula onartzea da". 

Zenbait herrialdetan eta espainiar estatuko komunitate gehienetan ere bada horrelako planik: "Badira bertako emigranteekiko erantzukizun historiko horren kargu hartu duten komunitateak. Batzuk aipatzearren Extremadura, Asturias, Madril, Katalunia, Galizia, Andaluzia...", dio.

Oroimena

Esperientzia honen oroimena berreskuratzea da elkarteak eskatzen duen beste neurrietako bat. "Europarrak emigranteak izan ziren aurreko mendeetan eta, nabaria denez, bueltatze fenomenoa izan da. Garrantzitsua litzateke bueltatu diren emigrante europar horien ondorengoen datuak eta erroldak egitea", eskatzen du. "Badakigu europar herrialde bakoitzetik zenbat lagun atera ziren, gutxi gorabehera, XIX. eta XX. mendeetan, baina gero bueltatu diren ondorengoei buruz ez dakigu ezer, eta hainbeste datu, estatistika eta zifra ibiltzen dituen gizarte honetan arraroa da oraindik ezer ez izatea".

Euren egoera ezagutarazteko elkarteak Oroimenaren Berreskuratze Jardunaldi batzuk egiteko asmoa  agertu du eta aurten bidaia egin nahi dute "Argentinara, Uruguaira eta Brasilera, euskal etxeak bisitatzeko eta bertako ordezkari eta bazkideekin hitz egiteko", azaltzen du Errandoneak. Azaroan Donostian egingo den Munduko Euskal Gizataldeen Biltzarrean ere parte hartu nahi dute.

-RetBask elkarteari buruzko informazio gehiago, Facebook-en, hemen


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia