Donostia-San Sebastian. Euskal Herriko Unibertsitateak, Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan, atzerriko goi-mailako zentroetan euskara irakasteko irakurleei bideratutako prestakuntza ikastaroaeskainiko du aurten ere, urriaren 6tik azaroaren 25era, eta izena-ematea zabalik dago gaurtik (irailak 4) aurrera.
Izena emateko epea irekita egongo da urriaren 6ra arte eta ikastaroko parte-hartzaileak izen-ematea gauzatutako ordenari jarraiki hautatuko dira. Izen-ematea eta informazio osatua esteka honetan aurki daitezke.
Humanitateetako goi-mailako graduatuei eta lizentziatuei bideratutakoa izango da ikastaroa, betiere hizkuntza-eskakizunak betetzen badituzte (EGA edo legezko titulazio baliokidea izatea). Hala ere, lekurik bada, beste lizentzia edo graduetakoek ere eragin ahal izango dute ikastaroa. Eskolak Donostiako campusean izango dira, ostiral arratsalde (16:00etatik 20:20etara) eta larunbat goizetan (09:00etatik 13:20etara).
Hasiera-hasieratik, euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasle edo irakurleen prestakuntza osatzea izan da helburu nagusia. Prestakuntza irakurleek lekuan bertan dituzten berariazko premiak kontuan izanik diseinatu da eta atzerriko unibertsitateetan eta goi-mailako zentroetan, gisa horretako lanpostuak bete nahi dituzten lizentziatuei edo graduatuei zuzendutakoa da. Hain zuzen ere, Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza sareko parte izan nahi duten horiei.
Bi erakundeon artean sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker prestakuntza hori proposamen zehatzen bidez gauzatu ahal izango da. Prestakuntza ikastaroa hainbat gairen ingurukoa izango da, hizkuntza, didaktika, metodologia, kultura nahiz zibilizazioa ardatz hartuta.
Atzerrian euskara eta euskal kultura irakasteko beharrezko ezagutzak jasoko dituzte beste behin ikasleek. Alde batetik, euskal gaiak landuko dituzte EHUko irakasleen eskutik. Linguistikan doktore den Ibon Manterolarekin hizkuntzak ikasteko jarrera eta motibazioak aztertuko dituzte, Pio Perez antropologoak euskal kultura landuko du programaziorako proposamen gisa, eta Oscar Alvarez Gila historialariak euskal emigrazioa eta diaspora hartuko ditu oinarri. Euskal literatura eta genero ikasketak ere izango dituzte aztergai, Mari Jose Olaziregi eta Jone Miren Hernandezadituen eskutik, hurrenez hurren.
Beatriz Fernandez filologoarekin, aldiz, gaztelaniadunei euskara irakasteko gakoak ikasiko dituzte ikasleek. Hizkuntzaren ikuspuntu komunikatiboa ere landuko dute: Mari Jose Ezeizabarrenalinguistikan doktoreak gaitasun komunikatiboa eta eleanitza izango ditu ardatz bere eskolan, etaJoxerra Garzia euskal idazle, kazetari eta EHUko irakasle ohiak ahozkotasuna landuko du.
Bestalde, irakurletza baten nondik norakoak lehen eskutik ezagutu ahal izateko, irakurle ohiak ere izango dituzte irakasle ikastaroan, euren esperientzia kontatu eta hainbat gako emateko: Amaia Donesek lau urte baino gehiago eman zituen Poznanen irakurle, eta euskara eskoletarako proposamen praktikoa aurkeztuko die ikasleei. Sorbone Nouvelle-Paris III unibertsitatean irakurle izandako Miren Ibarluzeak, aldiz, kultura eskoletarako proposamen praktikoa aurkeztuko du. Azkenik, Donostia 2016ko Kultur Zuzendari eta Birmingham University eta Université de Pau et des Pays de l´Adour (UPPA) unibertsitateetako irakurle ohia den Xabi Payak teknologiaz hitz egingo du kulturaren irakaskuntzan, eta wiki bat nola sortu azalduko du.
Azkenik, HABEko (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) adituak ere arituko dira eskolak ematen. Luis Mari Gonzalez de Txabarrik helduen euskalduntzerako oinarrizko curriculumaren gida-lerroak azalduko ditu, Alex Mungia ebaluaziogintzaz eta egiaztatzegintzaz arituko da, eta Eskarne Lopetegik langai eta baliabide didaktikoak azalduko ditu helduen euskalduntzegintzan.
Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Mari Jose Olaziregi eta Etxepare Institutuko euskara sustatu eta hedatzeko zuzendari Garbiñe Iztueta dira ikastaroaren zuzendariak.
Matrikula eta informazio gehiago esteka honetan.