euskal diaspora eta kultura
2013/05/27
PUBLIZITATEA
Portugalete, Bizkaia. Asti Leku ikastolaren eskutik aurtengo Ibilaldiak milaka euskaltzale bildu zituen atzo Portugaletera, eguraldi ederra lagun. Horien artean baziren Euskal Herriko zazpi probintzietatik etorritako euskaldunak, baina baita urrunagotik heldu zirenak ere: Ingalaterratik, Alemaniatik, Poloniatik, Txekiatik eta Italiatik, besteak beste.
Ikastolak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako ekimenari esker, herrialde hauetako zenbait unibertsitatetan euskara ikasten diharduten lagunek euskararen jaiaz gozatzeko aukera izan zuten, eta zur eta lur utzi zuten bat baino gehiago euren euskararekin.
"Asti Lekuk nazioarteko truke programa bat du eta urtero ekartzen ditugu atzerriko ikasleak", azaldu dio EuskalKultura.com-i ikastolako Zuriñe Arruzak. Aurten Ibilaldirako Etxeparek sustatzen dituen irakurletzetako ikasleak gonbidatzea pentsatu zuten eta hamaika lagunek erantzun dute baietz. Ostegunera arte izango dira Portugaleten, ikastolako ikasle eta irakasleen familiekin bizitzen. Bertokoentzako esperientzia interesgarria izango delakoan daude. "Gure ikasleentzako, are gehiago Ezkerraldekoak izanda, euskara kanpoan ere ikasten dela ikustea deigarria izango dela espero dugu", azaldu du Arruzak.
Poloniako euskalduna
Kanpoko euskara ikasle horien artean badira aurten hasiberriak direnak eta baita euskara maila bikaina duten zenbait ere. Horietako bat da Alicja Jankowicz poloniarra. Poznango Unibertsitatean hasi zen euskara ikaste orain dela hamar urte, eta bikain egiten du euskaraz. "Filologia ikasten ari nintzela hasi nintzen eta, hizkuntzaz gain, kultura bera ere asko gustatu zitzaizkidan. Gainera Euskal Herrira barnetegietan ikastera etortzeko aukera izan genuen eta horrek motibazio handiagoa eman zidan. Euskal Herria nire bigarren etxea da", adierazi digu.
Jankowicz ikastolei buruzko artikulu bat idazten ari da, eta Ibilaldira etortzeko aukera ezinhobea izan zaio. Kilometroak (Gipuzkoako ikastolen jaian) batean egona zen aurretik eta bazekien zer espero zezakeen, gainerakoek ez bezala. "Izugarria izan da! Egun polit polita egin du, eta jende pilo bat etorri da, esan dutenez 100 000 pertsona etorri dila!", azaldu du. Bertakoak harritu egiten omen ziren eurekin berbetan: "Guk euskaraz egiteak beti harritzen du, baina azkenean euskal kultura ondo ezagutzen asko laguntzen du euskarak, eta guri bai hizkuntza bai kultura interesatzen zaigu".
Ikasleekin aste honetan
Orain, osteguna bitartean Portugaleteko inguruak ezagutuko dituzte eta Ikastolako ikasleekin hainbat jarduera egingo dira. "Ni ostiralean haur hezkuntzako gela batean egon nintzen, eta haiek oso pozik egon ziren zerbait berri pasatzen ari zelako. Ez dakit ume hain txikitxuek guk zer hizkuntza erabiltzen dugun konturatzen diren ala ez, baina niretzat haiek euskaraz hitz egiten entzutea gauzarik politenetako bat izan da", esan digu Alicjak. "Gaur egungo munduan euskara da zuen altxorra eta halako altxorrak babesteko neurri aproposak hartu behar direla uste dut, Ibilaldia bera esate baterako".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus