Buenos Aires, Argentina. Gauza guztietan izaten ari da eragina Koronabirusa eta euskal etxeak ez dira salbuespena. Argentinako euskal elkarteak, Gobernuak hartutako neurriei jarraituz, bertan behera ari dira uzten beren aktibitateak. Badaude, ordea, planifikazio handiagoa behar duten ekitaldi jendetsuago batzuk, eskualde edo nazio mailakoak, eta horiekin erabaki hori hartzea ez da hain erraza. Hori litzateke, esaterako, Cañuelasko Aberri Eguneko Dantzarien Topaketaren kasua, apirilaren 18 eta 19an, eta Buenos Aires Celebra ekitaldia, maiatzaren 10ean. Bi ekitaldiok gorriz markatuta daude hainbat euskal-argentinarren urteko egutegian. Hilabete falta da baterako, eta bi hilabete besterako.
Hona bi ekitaldi hauek egite/ez-egiteari buruz dauden berri eguneratuak: Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeak erabaki du EZ egitea Aberri Eguneko Dantzarien Topaketa programatuta zegoen bezala apirilaren 18 eta 18an eta, printzipioz, oraindik deliberatu gabeko data batera mugitzea.
Antolakuntza berezia eskatzen duen beste jaialdiari buruz, ‘Buenos Aires Celebra al País Vasco-BAC’ festa maiatzaren 10erako dago iragarrita eta, momentu honetan, gauzak dauden moduan, zaila da esatea egun horretan egin ahal izango den ala ez. Laurak Bat Euskal Etxeko lehendakari Arantxa Anituak, honi buruz galdetuta EuskalKultura.eus-i esan dionez, “BACen data Udalak erabakitzen du eta Gobernu nazionalaren neurriak ari dira jarraitzen eta, oraingoz, datozen hamabost egunetarako prebisioak baino ez dituztela egin esaten digute".
“Guk gure jaia atzeratzea eskatu dugu baina momentuz ezetz esan digute eta, beraz, oraingoz maiatzaren 10ean segitzen du izaten. Egoera konplikatua da eta egunez egun hartzen dira erabakiak. Baina Udalak ez badu atzeratzen edo bertan behera uzten, guk ezin dugu ezer egin. Berriren bat izan bezain laster, berehala jakinaraziko dugu, jakina”, adierazi digu Anituak.