euskal diaspora eta kultura
2013/03/27
PUBLIZITATEA
Madril, Espainia. Arrakastatsua izaten ari da Etxepare Euskal Institutuak Madrilen antolatu duen Atxagari buruzko kultur zikloa, eta idazlea bera egitarauko hainbat ekitalditan ari da parte hartzen. Horietako bat izan zen, adibidez, astelehenean Atxagak Madrilgo Centro Dramático Nacionaleko Valle-Inclán Antzokian eman zuen hitzaldia. Lagun asko bildu ziren bertara, “euskarazko idazlerik sarituena eta itzuliena” entzuteko irrikaz, Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak esan zuenez.
Atxagak duela 4.000 urteko mikraster fosil bat hartu zuen irudi gisa, barne munduaren eta poesiaren aldarrikapena egiteko. Hain zuzen ere, hitzaldiaren izenburua "Reacciones ante una piedra rayada" (Arraiatutako harri baten aurreko erreakzioak) zen. Berbaldiaren ondoren Ruper Ordorikak eta Arkaitz Miner musikariek Atxagaren poesian oinarritutako kontzertua eskaini zuten. Ordorikak orain 30 urte pasatxo Atxagaren “Etiopia” liburuko olerkiekin grabatu zuen “Hautsi da anphora” diskoa eta hango abestietatik abiatu zen kantaldia, abesti berriagoak eskainiz geroago.
Datozen egunetan --apirilaren 7a arte-- Valle Inclan antzokian Atxagaren “Soinujolearen semea" eleberrian oinarritutako "El hijo del acordeonista” antzezlana izango da ikusgai. Gainera, martxoaren 30ean eta 31n emanaldiak euskaraz izango dira (gaztelaniazko goitituloekin).
Egitarau mardulak harrera ona
Martxoaren 20ean abiatu zen zikloak harrera ona izan du oro har, eta ehundaka madrildar kulturzalek parte hartu dute Etxepare Euskal Institutuak antolatu dituen ekitaldietan. Inaugurazio ekitaldian alfabetoa ardatz hartuta, Bernardo Atxagaren unibertsoaren barrena bidaiatzeko aukera izan zuten Matadero Madriden dagoen Casa del Lector kulturgunean bildu ziren ikusleak, Etxeparek jakinarazi duenez. Bere obra ez ezik, idazleak beste sortzaile eta arte disziplinekin izan duen hartu-emana ere ikusgai izan zen Carlos Rodriguezek errealizatu duen ikus-entzunezkoari zein Patxo Telleriaren zuzeneko irakurketa bikainei esker. Hunkituta azaldu zen Atxaga amaieran.
Bestalde, zinea izan da egitarauaren ardatzetako bat, eta Matadero kultur gunean Atxagaren liburuetan oinarritutako film luzeen ziklo berezia egin da. Bertan ikusgai izan dira "Leku hutsak, hitz beteak” dokumentala eta “Obaba” ,“Zeru horiek” eta “Bi anai” filmak.
Kultur programako honetako ekitaldi nagusietako bat "Soinujolearen semea" eleberrian oinarritutako antzezlanaren estreinaldia izan zen, martxoaren 21ean. Antzerkiz-ek eta Tanttaka Teatroa konpainiak ekoiztu dute lana, Patxo Telleriak idatzita eta Fernando Bernuesek zuzenduta.
Informazio gehiago, Etxepare Euskal Instituaren webgunean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus