euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Atxagak, Bordak eta Junkerak poesia eta musika uztartu zituzten Bordeleko Euskal Etxearen udazkenean

2008/10/21

Bernardo Atxaga, Itxaro Borda eta Kepa Junkera trikitilaria Bordeleko Euskal Etxean eman zuten irakurraldian (argazkia BordeleEE)
Bernardo Atxaga, Itxaro Borda eta Kepa Junkera trikitilaria Bordeleko Euskal Etxean eman zuten irakurraldian (argazkia BordeleEE)

PUBLIZITATEA

'Euskal Udazkena Bordelen' jaialdiaren barruan Frantziako hiri honetako euskal etxeak Bernardo Atxaga eta Itxaro Borda idazleen poesia irakurraldi bat antolatu zuen joan den larunbatean. Eurekin batera, hitzei musika jarriaz, Kepa Junkera trikitilaria izan zen. 'Ondorioa aski hunkigarria izan zen eta Keparekin berriz lan egiteko irrikitan nago', azaldu dio Bordak EuskalKultura.com-i. 'Datorren urterako irakurraldi musikatu bira bat prestatzen ari gara jada'. Bi idazleek, Mariasun Landa egilearekin batera, Bordeleko 'Lettres du Monde' jaialdian parte hartu zuten.

Bordele, Frantzia. Bordeleko Euskal Etxean hiru euskal sortzaileen arteko topaketa interesgarria bizi izan zen joan den larunbatean. Literaturaren aldetik, Bernardo Atxaga eta Itxaro Borda, eta musikaren arlotik Kepa Junkera trikitilari ezaguna izan ziren Euskal Etxeko agertoki txikian, bertara bildutako lagunei poesiaz eta musikaz jantzitako ekitaldia eskaintzeko prest.

Hiru egileen arteko lankidetza oso emankorra izan zen, batez ere Borda eta Junkeraren kasuan. 'Nire poesiak ez dira irri egiteko, baina Keparen musikarekin batera aldatu egiten dira. Biziki hunkitzen nau Keparen musikak', azaldu dio Bordak EuskalKultura.com-i. Idazle lapurtarraren eta musikari bilbotarraren arteko konexioa hain izan da ona, datorren urterako lankidetza honetan sakontzeko bideak bilatzen ari direla. 'Datorren urtean elkarrekin poesia eta musika errezital batzuk antolatu nahian gabiltza', aurreratzen du Itxarok. 

Itxaro Borda eta Kepa Junkera Euskal Etxean
[Itxaro Borda eta Kepa Junkera irakurraldiaren une batean (argazkia BordeleEE)]

Munduko letrak

Euskal literaturaz gozatzeko aukera gehiago ere izan ziren Bordelen, 'Lettres du Monde' literatur jaialdiaren barruan. Mariasun Landa idazleak ere hartu zuen parte jaialdi honetan, eta bera izan zen mintzaldia ematen lehena, joan den urriaren 11an. Landa 'Festa aldameneko gelan' elaberriari buruz mintzatu zen. Elaberri hau haur eta gazte literaturan aditua den Landak nagusientzako egiten duen lehen lana da eta 68ko Maiatzaren bezperatan Parisera heldu zeneko esperientzia kontatzen du bertan. Ondoren, arrsatsaldean, egileak 'Iholdy' haur liburuan oinarritutako irakurraldia eskaini zuen.

Bernardo Atxagak ere ekitaldi ugari egin zituen jaialdian bi egunen buruan. Urriaren 17an, ostiralean, hasi zen bere parte hartzea, Enrique Vila-Matas idazle kataluniarrarekin batera eman zuen mintzaldiarekin. Larunbatean Atxagak 'Shola eta lehoiak' haurrentzako liburuaren irakurraldia eskaini zuen Bordeleko Cervantes insitutuaren egoitzan goizez, eta arratsaldez Euskal Etxean izan zen Borda eta Junkerarekin batera.

Euskal izaera

Itxaro Bordak 'Basque de caráctere' izeneko mintzaldi bat eman zuen joan den ostiralean, eta bertan 'euskal literatura, bere influentzia, fobiak...' izan zituen hizpide. Euskal literaturak Frantzian pizten duen interesari dagokionez Bordak baietz erantzuten du, interesa badagoela. 'Hemen garenean hizkuntza txikietako egileak bezala hartzen gaituzte', dio, baina bere ustetan euskal lan gehiago itzuli beharko lirateke frantsesera. Bordeleko esperientziaren ostean, Itxaro poesia bilduma elebidun bat prestatzen ari da bertako talde batekin, euskaraz eta frantsesez, 'Hautsak errautsa bezain/ Tant la cendre que la poussiére (Maiatz arg.) bilduman egin genuen bezala', aurreratzen du.

Lotura interesgarriak

Itxaro Bordari buruzko informazio gehiago
armiarma.com

Bernardo Atxagaren bibliografia
Literaturaren Zubitegia

Kepa Junkeraren webgunea

www.kepajunkera.com

Kepa Junkeraren bideoak ikusteko

Youtube


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia