euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Atxaga, Mintegi-eta aste honetan Frankfurt-en, Liburu Azokan partaide... edo igande arteko azoka alternatiboan

2022/10/20

Frankfurteko Azoka alternatiboko atzoko saioa: Carlos Babio, itzultzailea, Carolin Breinker, Albert Botran, Iñaki Egaña eta itzultzailea
Frankfurteko Azoka alternatiboko atzoko saioa: Carlos Babio, itzultzailea, Carolin Breinker, Albert Botran, Iñaki Egaña eta itzultzailea

PUBLIZITATEA

Frankfurt, Alemania. Atzo hasi zen Frankfurten 2022ko Liburu Azoka, aurtengoan Espainia delarik Azokako ohorezko gonbidatua. "Basque. Books." markapean, bihartik hasita parte hartuko dute bertan Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Patxi Zubizarreta eta Katixa Agirre euskal idazleek. Urriaren 21ean eta 22an, ostiral eta larunbatean, izango da euren partaidetza, irakurketa eta solasaldi desberdinen bidez. Urriaren 21ean, Agertoki Urdina delakoan izango da Bernardo Atxaga, 12:00etatik 12:45era. Berna González Harbour-ek elkarrizketatuko du.

Larunbatean, hilaren 22an, agertoki berean eta 11:00etatik 11:45era, ‘Musika hitzetan’ mahai ingurua egingo dute Miren Agur Meabe, Yolanda Castaño, Elena Medel eta Mariano Peyrou idazleek, Àngels Gregorik gidatuko duen saioan; eta geroago, Agertoki Gorrian, 13:00etatik 13:45era, ‘Kontatu eta marraztu’ saioa egingo dute zuzeneko irakurketa eta marrazketekin Jokin Mitxelena eta Patxi Zubizarretak. Azkenik, egun berean Agertoki Urdinean, 15:00etatik 15:45era, Katixa Agirre, Nuria Labari eta Silvia Nanclares solasean ariko dira Marta Fernándezek gidatutako elkarrizketa saioan, Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman duenez. Hona programa orokorra.

Azoka Alternatiboa

Baina euskal partaidetza ez da hor agortuko Frankfurten, Liburu Azokarekin batera Azoka Alternatiboa ere egingo baita. Azoka ofizialak Espainia hautatu badu ohorezko gonbidatu, Azoka Alternatiboak 'Beyond Spain' (Espainiatik haratago) deitu du bere ekimena, 'Herrien liburu azoka eta ekitaldi alternatiboak' izenburupetuz antolatutako programa. Atzo, estreineko egunean, Iñaki Egaña, Albert Botran eta Carlos Babio aritu ziren frankismoaz, eta Gernika Batzordeko ordezkariak Picassoren Guernicaz, gerraren kontrako artelan gisa. Gaur arratsaldez, eztabaida Ane Muguruza (Egiari Zor), Lucia Barros (Esculca) eta Elisenda Paluzie (ANC) partaide eta Joseba Sarrionandiaren 'Lagun izoztua'ren irakurraldia, zenbait irakurlerekin.

Ostiralean, Frente Polisarioa eta Marokorekiko arazoa mintzagai; eta Garabide; eta jarraian euskara, katalana eta galiziera 'Ez gara zure loreontzia' izenpean Fito Rogriguez, Marco Maceiras eta Maria de Lluc solaskide, irakurraldi-gau bat ondoren, Edorta Jimenez, Fito Rodriguez, Joan Pons eta Raul Zelik partaide. Larunbatean, berriz, urriaren 22an, Laura Mintegiren txanda, goizean, arratsaldez erabakitzeko eskubidea aipatzeko, Gure Esku Dago, ANC, Via Galega eta 'Madrileños por el derecho a decidir'eko kideekin. Igandean, azkenik, literatura gosari batek itxiko ditu jardunaldiak, Laura Mintegi, Arancha Nogueira, Ingrid Guardiola, Fito Rodriguez eta Kirsten Brandt-ekin. Programa hemen topa daiteke.

Ikus, bestalde, gure agendan, egunotan Berlingo Euskal Etxeak datozen egunetarako iragarri dituen hitzorduak, esaterako ostiral honetan Jon Argintxonarekin; eta datorren astearteko Mintzalagun Topaketa, Eva Perez-Pons-ekin, Etxepare lankide.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia