euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Atxaga Katedrak euskal kulturak elkarbizitzari eginiko ekarpena aztertuko du aste honetan New Yorkeko CUNY unibertsitatean

2019/10/07

Annabel Martin irakasleak hitzaldia eskainiko du datorren ostiralean CUNYko Bernardo Atxaga Katedraren baitan (arg. CanalEuropa.eu)
Annabel Martin irakasleak hitzaldia eskainiko du datorren ostiralean CUNYko Bernardo Atxaga Katedraren baitan (arg. CanalEuropa.eu)

PUBLIZITATEA

New York, AEB. Aste honetan zehar, urriaren 7tik 11ra, burutuko da New Yorken Bernardo Atxaga Katedraren urteroko programa akademikoa City University of New York (CUNY) unibertsitatean. Aurtengoan, "bakegintza eta elkarbizitzari euskal kultura eta literatura lanek prozesu berritzaileen bidez eginiko ekarpenean" jarriko du arreta, eta Annabel Martínek, Dartmouth Collegeko irakasle eta Espainiako kultura garaikidean aditua denak emango du.

“Bullets and Letters: Post-ETA Euskadi and the Arts” (Balak eta Letrak: ETA ondorengo Euskadi eta Arteak) izenburua duen graduondoko eta doktoretza-ikasleei zuzendutako mintegi honetan aztergai hartuko dira diskurtso nazionalisten baitan nagusitzen diren ideia paradigmak eta baita nortasunaren eta indarkeriaren arteko harremana ere generoaren ikuspegitik begiratuta. Horrekin batera, landuko da arteek (literatura, zinea, pintura eta eskultura) bakea eta adiskidetzean izan dezaketen eragina.

Ikuspuntu horretatik, mintegian erabiliko diren materialen artean daude ETAko kide izandako batzuen eta ETAren biktima batzuen dokumentu, elkarrizketa eta idazkiak. Bernardo Atxaga, Luisa Etxenike eta Ramon Saizarbitoriaren testuak; Julio Medem, Eterio Ortega Santillana, Asier eta Amaia Merino eta Helena Tabernaren filmak; eta Vicente Ameztoy eta Agustín Ibarrolaren artelanak ere aurkituko dituzte ikasleek. Gainera, Luisa Etxenike eta Bernardo Atxaga idazleek, Helena Taberna zinegileak eta Esther Pascual bitartekariak mintegian hartuko dute parte, Etxenikek presentzialki eta gainerakoek bideokonferentzia bidez.

Amaitzeko, Annabel Martín irakasleak hitzaldi ireki bat emango du urriaren 11an: “Palabras con piel, oídos que hablan: La búsqueda del Otro en los procesos de justicia restaurativa” (Hitzak azalarekin, hitz egiten duten belarriak: Bestearen bilaketa justizia errestauratiboko prozesuetan).

Etxepare Euskal Institutuak CUNYn abian jarritako Bernardo Atxaga katedraren xede nagusia euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea da. Idazleak  berak eman zion hasiera 2011ko irailean CUNYko Graduate Center-en. Euskal kulturari buruzko doktoretzako programa akademikoa eskaintzen du, eta ikasturte bakoitzean irakasle gonbidatuak ekartzen ditu New Yorkera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia