euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Atsegin handia Villa Mercedesko EEan eta Camerata de la Luna koralean, Brasilgo Euskal Astetik bueltan

2012/10/04

Camerata de la Luna abesbatza, Villa Mercedesko Euskal Etxeari atxikia, Sao Pauloko katedralean kantari II. Aste Euskal Brasildarreko programaren baitan (argazkiaEE)
Camerata de la Luna abesbatza, Villa Mercedesko Euskal Etxeari atxikia, Sao Pauloko katedralean kantari II. Aste Euskal Brasildarreko programaren baitan (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Poz-pozik itzuli dira, euren bidaia eta partaidetzaren balantze ezinhobea eginez. Villa Mercedesko Euskal Etxeak eta hari atxikitako Camerata de la Luna abesbatzak hitz gozoak baino ez dituzte Sao Paulora egin berri duten bidaiaz, bertako Eusko-Brasildar Etxeak antolatutako II. Euskal-Brasildar Astean parte hartzeko. Euskal Etxearen izenean, Julio Esnaolak hitz hauekin laburbildu dio bizitutakoa EuskalKultura.com-i, "todo salió de maravilla" (guztia primeran joan da). Korukideek zenbait emanaldi eskaini zituzten, horietan azkena, igandean, Sao Pauloko katedralean, bertako kardinal apezpikuak emaniko mezan, eta ondoren ere, kardinala entzule. Orain, urriaren 26an El Circulo antzokian, Rosarioko Euskal Aste Nazionalaren baitan izango duen partaidetzari begira ari dira villamercedestarrak.

Villa Mercedes, Argentina. Villa Mercedesko Euskal Etxea, San Luis probintzia argentinarrean, eta elkarteari lotutako Camerata de la Luna abesbatza itzuli berriak dira Sao Paulotik, bertan aritu eta kantatzera gonbidatuak izan baitziren, Sao Pauloko Eusko-Brasildar Etxeak antolaturiko Euskal Astean hain zuzen, orduan EuskalKultura.com-ek iragarri zuenez. Bidaiatik bueltan, euskal etxe argentinarreko Julio Esnaola buletin honekin harremandu da esperientziak ekarri dien balio positiboa eta euren egonaldiaren balantze ezinhobea egiteko. Guztia "primeran" joan zitzaiela aitortu du euskal buruzagi puntanoak.

Villa Mercedesko Euskal Etxearen izenean, Esnaolak azpimarratu nahi izan du Sao Paulon jaso zuten harrera ederra "Oscar Goitiak eta Eusko-Brasildar Etxekoek emana, baita Sao Pauloko katedralean emandako kontzertuak eta batez ere koralak Melia Hotelean eskainitako kontzertua, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatua, bertan Euskal Herritik etorritako nazioarteko lau sukaldariek prestatutako pintxoak dastatu ahal izan genituela, txakolina lagun".

Julio Esnaolak azpimarratzen du baita ere igandean, berriz ere katedralean, baina oraingoan bertako apezpikuak eman zuen mezan, koralak zenbait kantu kantatu izana, eta meza ostean ere errezitala eman zutela, apezpikua bera antzule, emanaldia ohiko Aita Gurea oroigarri batekin amaituz.

Arbaso gipuzkoarreko euskal buruzagi argentinarrak eskerrak ematen dizkie Sao Pauloko II. Euskal Aste hau muntatu zuten guztiei, gogoangarria oroitzen baitute partaidetza eta jaso zituzten harrera, tratua eta moldeak, eskertuz ere euren zatia Bizkaiko Foru Aldundiari, bertako tokiko erakundeei eta laguntzaile guztiei.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia