euskal diaspora eta kultura
2011/10/27
PUBLIZITATEA
Villa Maria, Argentina. Jakinmin handia pizten du genealogiak gure gizartean eta 'Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute' aurkezpenaren bidez, zalantzak argitzen saiatzen da Laura Nobile. Bide batez, arlo honetan ikertzeko dauden aukerak ere garatzen ditu Arrecifeseko euskal etxeko kideak, nahi duenak bere zuhaitz genealogikoa osatu ahal izan dezan. Asmo honekin gonbidatu zuten Villa Mariako Euzko Etxea-ko arduradunek eta ondo asko ase zuen Nobilek euskal etxera hurbildu zen publikoaren kuriositatea.
“Euskaldunek eta baita herriko beste kolektibitate batzuetako ordezkariek ere hartu zuten parte hitzaldian eta guztiak oso gustura azaldu ziren Nobilek emandako informazio eta aholkuekin. Baliogarria izan da ere existitzen diren baliabide teknologikoak ezagutzeko”, azaldu diote EuskalKultura.com-i Cordoba probintziako Euzko Etxea-ko kideek.
[Euzko Etxea-ko Raul Onnainty lehendakariak aurkeztu zuen genealogista]
Chascomus eta La Plata
Bestalde, Udaleko Ondare Historiko Zuzendaritza eta Zingirako Euskaldunak erakundea koordinatzaile, FEVA medio eskaintzen duen hitzaldi hau Chascomus-en ere burutu zen joan den hilean. Hitzordua, irailaren 10ean agitu zen, herriko Casa de Casco-n. Genealogiaren arloan sartzeko bideak deskribatzea eta arbasoen datuak nola eskuratzea izan ziren, aurrekoetan bezala, hitzaldiko gai nagusiak. Puntu hauek ere hartu zituen ardatz Nobilek La Platako Euzko Etxea-n aukeztutako txostenean. Buenos Aires probintziako hiriburuan, hitzaldia Liburutegien Eguneko ospakizunen programaren baitan garatu zen eta gonbidatuen artean arlo honetako ikerlari batzuk egon ziren, tartean, probintziako Genealogia eta Heraldikari buruzko Ikasketen Institutuko presidente Raul R Rasse.
[Laura Nobile ere Chascomuseko euskal etxearen XX. urtemugan partaide]
[Laura Nobile, Ma. Fernanda Astigarraga liburuzaina eta Raul Rasse, Jorge Mennucci, Elsa de Brum, Monica Oubiña eta Juan Carlos Fraquelli Genealogia eta Heraldikari buruzko Ikasketen Institutuko kideekin]
Cnel. Moldes eta Gral Rodriguez-en ere
Birarekin jarraituz, Cordoba probintziako beste herri batera abiatu zen Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko kidea pasa den hilabetean. Irailaren 23an Coronel Moldes-eko Ipem 280 Agustin Tosco eskolan aurkeztu zuen Nobilek 'Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute'. Cordobako herri honetan ikasle ugarik izan zuten genealogiari buruzko mintzaldia entzuteko aukera. Hitzaldia bukatuta, Gure Zainak Euskal Etxeko lehendakariak prestatutako plater euskaldun batzuk partekatu zituzten Nobilek eta erakundeko kideek.
[Marita Echave, Lilian Rouan, María Celia Aguirre, Daisy Cabeytú eta Vicente Esnaola Cnel. Moldes eta Villa Mercedes euskal etxeetako kideak Laura Nobilerekin]
Gral. Rodriguez-eko Eusko Aterpea euskal etxea izan da urriko lehenengo geltokia Nobilerentzat. Pilar eta Marcos Paz-eko euskal etxeetako ordezkariak bertaratu ziren Gral Rodriguezera genealogistaren azalpena entzutera. “Hitzaldia oso probetxugarria izan da, oso argiak dira Nobilek aurkezten dituen kontzeptuak”, komentatu zuten euskal etxeko kideek.
[Urriaren 1ean Gral Rodriguezeko Eusko Aterpean eskaini zuen bere hitzaldia genealogistak]
Immigrantearen Egunean, Arrecifesen
Argentinako hainbat euskal etxetatik jaso ditu gonbiteak Laura Nobilek genealogiari buruzko bere ezaguera partekatzeko. Baina bidaien programan leku berezi bat gorde zuen bere jatorriko euskal etxean hitzaldia emateko. Immigrantearen Egunean, egitarau oparoa gauzatu zuten Arrecifeseko euskaldunek eta Nobile guztian izan zen partaide. Iluntzean, euskal etxearen egoitzan lagun anitz bildu ziren FEVAko eskaintzaren barne dagoen hitzaldia entzuteko eta ondoren mokadu gozo-gozoez gozatu ahal izan ziren.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus