Lima, Peru. Ameriketako Lizarzaburutarrek urte asko daramatzate familiaren historia berreskuratu nahian, eta ahalegin horretan harreman estua duen taldea sortu dute. Lizartza Klan izeneko posta zerrendan bildu dira Peru, Ecuador, AEB, Mexico eta Brasilgo hainbat Lizarzaburutar, eta bertan elkarren berri izateaz gain, familiari buruzko jarduerak antolatzen dituzte. Horrela, 2008an, adibidez, Lizarzaburutarren bi bilkura egin ziren, Liman eta Trujillon, Wilfredo eta Jose Luis Lizarzaburuk sustatuta, besteak beste. "Familiaren aurreneko bilkurak izan ziren eta ehun lagundik gora bildu ginen. Asko hantxe bertan ezagutu genuen elkar", agertu dio Wilfredok EuskalKultura.com-i.
38 urteko lanaren buruan, Wilfredok sendiaren zuhaitz genealogikoa osatzea lortu du, 1500 erdialdetik hasi eta gaur egun arte. Berriki, sare sozialeei esker, Euskal Herriko hainbat Lizarzaburutarrekin harremanetan jartzea lortu zuen, eta haiek familiaren sorburu izan zen Lizartzako baserria ikustera joan ziren. Bisita horien ostean sortu zen Lizarzaburutarren hurrengo topaketa hantxe bertan egiteko ideia eta hasiak dira dagoeneko bilkura prestatzen, 2014ko irailerako.
[Jon Lizarzaburu peruarra familiarekin joan zen Lizartzara 2007an, euren abizenaren iturburua ezagutzera (argazkia F. Lizarzaburu)]
"Han izango direla baieztatu dutenen artean honako herrialdetakoak daude: Peru, Ecuador, Estatu Batuak eta Mexiko. Erantzuntekoak dira Txile, Brasil eta AEBetako beste zenbait. Gainera, familia Bartzelonara ere zabaldu da, eta aurreneko euskal-kataluniarrak ere izango ditugu gure artean, euskal amerikarrez gain. Oraingoz 30 lagunek baietza eman dute, baina beste 20 bat gehituko zaizkiela uste dugu, Euskal Herrikoak barne", esan du Wilfredok. "Hori izango da gure sorburuan egingo dugu aurreneko bilkura, eta horregatik abentura honi "Etxera bueltan" izena eman diogu".
[1978an Lizarzaburu baserrian egin zen bazkarian, mahainguruan bilduta Javier Lizarzaburu euskal-amerikarra eta Barriolatarrrak, Lizarzaburu baten ondorengoak eta 1600az geroztik baserriaren jabeak (argazkia F. Lizarzaburu)]
Euskal Herrian Patxi Goenaga Lizarzaburu mutrikuarra dabil bilkura antolatzen eta hainbat eguneko egitaraua ari dira prestatzen. Besteak beste, familiaren topaketaz gain, Euskal Herriko txoko ezagunak ezagutuko dituzte eta Gipuzkoako Foru Aldundira bisita egingo dute", agertu du Wilfredok. Norbaitek bilkuran parte hartu edo lagundu nahi baldin badu, familiarekin harremanetan jarri behar du, e-maila bidaliz hona.
Amaitzako, Wilfredo Lizarzaburuk familiaren beste ekimen baten berri eman du: Peruko Trujillo hirian Euskal Etxe bat sortzeko asmoa, eta horren ondotik, beste hainbeste egitea Ecuadorreko Guayaquil eta Quito hirietan.
Lizarzaburu baserria
Familiaren jatorria Gipuzkoako Lizartza herrian dago, Nafarroako mugatik gertu. 'Sancho Martinez kapitainarekin sortu zen familia. 1512an, Belateko gatazkaren ostean Errege Katolikoek sari gisa bere etxearen izena hartzeko baimena eman zioten. Haren semea, Francisco de Lizarzabu e Idiakez, Lizartzan jaioa, izan zen etxearen abizena hartu zuen lehena. Berarengandik datoz abizena duten lagun guztiak", agertu du Wilfredok.
"Lizarzaburu etxearen armarrian Belateko gatazkan atzeman zituzten 12 kainoiak ageri dira, Gipuzkoako armarri zaharrean bezala. Gaur egun armarrian bi kainoi ageri dira eta marra urdin eta zilarrezko bat, Araxes ibaiaren adierazle. Jatorrian familia Errege katolikoen monarkiarekin lotuta izan bazen ere, nabarmenak dira familiko kide askok euskal herriaren alde egin dituzten ekarpenak", gehitu dute sendiko kideek. Ameriketan horietako askok Simon Bolivarrekin bat egin zuten, batez ere Ecuadorreko altzamenduetan parte hartuz.