Urratsak, bata bestearen ondotik, eta Atlantako Euskal Etxea, The Atlanta Basque Club, kontatzen ari da etzi iganderako geratzen diren ordu eta minutuak, bere lehenengo dei publikoa egin baitu Atlanta inguruko euskaldunak festa eta elkarretaratze batean biltzearren. AEB Mendebalde moduko jai euskal-amerikarra izango da, aire zabalean, Atlanta Handiko Norcross herriko Best Friend Park-en. Inguruan bizi bazara, animatu eta agertu edo bestela ere jar zaitez kontaktuan antolatzaileekin!
Atlanta, AEB. Parkeak baditu aire libreko eremuak eta eremu estaliak eta edonola ere Atlantako Euskal Etxea sustatzen ari direnak ahalegina egin dute harrera egokia emateko bihar bertara hurbilduko diren norbanako eta familiei. Gastuei ekiteko, 8 dolarreko ekarpena eskatuko zaie bertaratzen direnei, edo 25ekoa baldin eta lau kideko familia badira. Honek eskubidea emango du afarian parte hartzeko, saiheskiak, txerrikiak, alboko platerak, gaztak eta mahaiburukoak.
Euskal Etxeko lehendakari Camilo Aguirrek baieztatu digu eguraldia edozein izanda ere hitzordua egin egingo dela.
Hauexek dira hitzorduaren xehetasunak:
Noiz: Apirilaren 23a, igandea
Ordua: 15:00etatik 17:00etara
Non: Best Friend Park (6224 Jimmy Carter Boulevard, Norcross 30071)
Telefonoa: +1 404 786 8815
Emaila: atlantaeuskaletxea@gmail.com
Webgunea: www.atlantaeuskaletxea.com
Facebook: www.facebook.com/atlantaeuskaletxea
Ikus Atlantako Euskal Etxearen aurkezpena aurretik argitaratutako artikulu honetan