Euriak gogor astindu zuen eguna, baina Atlantako Euskal Etxeak (AEE) --aldez aurretik adierazia zuten eguraldia edozein izanda ere hitzorduak aurrera jarraituko zuela-- arrakastaz gainditu zuen joan den igandea bere lehenengo galbahea, eta aurrera darrai AEBetako Georgia estatuan euskal elkarte bat sendotzeko helburuan. 35 pertsona lotu zitzaikion "Udaberri Jaia" deitu zuten lehenengo deialdi honi. Bileran euskal musika, janaria, solasa eta batez ere gogoa partekatu zuten, datozen urratsak prestatzeko bidean.
Atlanta, AEB. Kontent daude antolatzaileak, eta elkarte berriko lehenengo lehendakari Camilo Aguirre-ren esanetan, ongi pasatu dute lehenengo galbahea, oso egun euritsua izan zuten arren aski jende bertaratu eta indarra hartuta segitzen baitute Atlanta aldean euskal etxea eta euskal ekitaldiak finkatzeko asmoarekin.
Berrogeita bost pertsona bildu zituen elkartearen lehenengo deialdi publikoa izan zen igandekoak, "eta horrek indarra ematen digu", aitortu dio Aguirrek EuskalKultura.com-i, "bildu ginenok elkarrekin hitz egin, elkar aurkeztu eta bakoitzaren ideia eta asmoak azaltzeko aukera izan baikenuen".
Bildu ziren 35 pertsonen artean, bazegoen guztietarik, "zahar eta gazteak, bikoteak, norbanakoak, familia osoak; eta haurrak, haur andanatxo bat", kontatzen digu. "Gehienak Atlantan bertatik etorri ziren, baina izan genuen gonbidaturik, esaterako, Athens eta Cleveland-ik, Georgian", "hiru pertsona Biarritzekoak ziren, bi bilbotarrak, eta donostiar bat".
Euskaldunak izanik, bilera aukera izan zen baita ere euskal gutizia batzuk dastatzeko. hala nola "txuletoia, txistorra, saltxitxa italiarrak, Tolosako babarrunak, patata erreak, entsalada eta flana". Laguntza ederra izan zuten orretan Atlanta bertako Aupa Planchako lagunen aldetik, Atlantan euskal plantxa lantzen duen konpainia bat.
Eta "euskal musika etengabe jarri genuen!", azaltzen du entusiasmoz AEEko arduradunak.
Bildutakoak euren onespena eman zioten marrazten ari den bideari eta hurrengo pausoa Txoko bat antolatzea izan daiteke. Bazkidetza xehetasunak ez dituzte oraindik eztabaidatu, baina datorren uztailean NABOren Biltzar Nagusira joateko asmoa agertu dute, Wyoming-eko Buffalon. Harremanetan daude horretarako NABOko lehendakari Valerie Arrechearekin.