euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Athletic futbol taldea Latinamerikako euskal jatorriko jokalariak fitxatzeko aukera aztertzen ari omen da

2007/12/14

Guilermo Ochoa, mexikar selekzioko atezaina, izan daiteke Athletic-en interesa piztu dutenetako bat
Guilermo Ochoa, mexikar selekzioko atezaina, izan daiteke Athletic-en interesa piztu dutenetako bat

PUBLIZITATEA

Athletic jokalari euskaldunak edo euskal taldeetan trebatutako jokalariak bakarrik fitxatzeko filosofia gainditu eta Latinamerikako euskal jatorriko jokalariak ere begiz jotzeko aukera aztertzen ari da, As kirol egunkariak argitaratu duenez. Taldea aztertzen ari den beste ekimena jokalariak Ameriketan bertan formakuntza eskola bat sortzea da. Aukeratutako lekuak Rosarion (Argentina) edo Montevideon (Uruguay) lirateke.
Athleticeko entrenatzaileak, Joaquin Caparrosek, onespena eman omen dio jada proposamenari, As egunkariaren esanetan. Ekimen honekin Athleticek azken urteotako emaitza txarrei buelta eman nahiko lioke eta maila galtzeko arriskua uxatu. Lezamako arduraduna, Luis Solar, aldiz, Hegoameriketan jokalari eskola bat sortzearen alde omen dago. Eztabaida kalera atera da eta zaleen taldearen filosofian iraultza honi buruz eta izan ditzakeen eraginei buruzko iritziak dabiltza bolo-bolo.

Batzuek ezezko biribila eman diote proposamenari, euskal abizenak izanagatik Athleticen filosofiari buruz ezer gutxi dakiten jokalariak ekartzeko arriskua ikusten dutelako. Beste batzuk itxaropentsu hartzen dute Latinamerikako euskal jatorriko komunitate zabalean --zazpi miloi lagun inguru-- egon daitezkeen jokalariak fitxatzeko aukera. Asko ta asko, aldiz, gazteak trebatuko dituen eskola Latinamerikan bertan sortzearen aldekoak dira. Aipatu beharra dago, ideia ez dela berria. 2001ean Javier Uria lehendakariak, Iribarrek eta Valverdek osatutako ordezkaritzak Mar del Platako Euskal Astean parte hartu zuen, bertako talde eta euskaldunekin harremanak estutuz.

Merkatu zabala

Athletic-ek fitxatu ditzakeen jokalarien zerrenda luzea da. As-en esanetan bertan agertu daitezke Argentinako Arzuaga, Zelaya eta Azconzabal (Rosario Central), Arce (Lanús), Ibarra eta Urribarri (Boca), Aguirre (San Lorenzo), Galarza (Banfield), Etchemaite (River Plate), Arrieta (Racing), Iriarte (Colón), Picabea (Olimpo) edo Leguizamón (Gimnasia y Esgrima).

Mexikon interesa sortu duten batzuk Guillermo Ochoa, selekzioko atezain gaztea, eta Ulises Mendibil, Atlas taldeko aurrelaria, dira. Txilen Manuel Iturra Urrutia legoke, eta Kolonbiako goleatzaile nagusia Wason Renteria da. Paraguain Achúcarro eta Ayala eta Venezuelan Arismendi euren selekzioekin aritzen dira.

Futbol eskola Rosario edo Montevideon

Beste aukera bat Argentinan (Rosario) edo Uruguain (Montevideo) futbol eskola sortzea litzateke. Ideia Iñaki Urkijok sustatu zuen, As-en esanetan. 'Ez naiz euskal abizena duten jokalariez ari, baizik eta benetan euskal sustraiak dituzten jokalariez. Nire ideia garbizalea da, Athletic-eko izaera gorde nahi du eta bere filosofia errespetatzen du', azaltzen du Urkijok.

Oraingoz Athletic-ek eztabaida foro bat jarri du abian bere webgunean, Athletic Geuria izenarekin. Bertan zaleen eritziak eta proposamenak bildu eta aztertuko dituzte.


Lotura interesgarriak

Athletic-en webgunea
www.athletic-club.net

Eibar Txinan zaletu taldea duen lehen taldea da
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 7an

Euskadi-Venezuela ikusi zuten Caracaseko Eusko Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 14ean

Euskadiko nesken selekzioak Argentinaren aurka galdu zuen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 12an

Diasporako zaleak Aitor Karankarekin Denverren (gazt.)
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abuztuaren 23an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia