Ofiziala da, Athletic Club-eko jokalariek Boise-n jokatuko dute heldu den uztailaren 29an, eta zuri-gorrien aurka Mexikoko Tijuana Xoloitzcuintles de Caliente, ‘Xolos’ bezala ezagutua den taldea arituko da. “Izugarri pozik gaude, gainera Athletic etxeko koloreekin zelairatuko dela jakinda”, adierazi dio antolakuntzatik EuskalKultura.com-i Argia Beristainek. Apirilean zehar, Tijuanara joango dira arduradunak, Mexikoko taldearekin hainbat gauza zehazteko, eta Idahoko KTVB telebista kateko hiru kazetarik lau egun emango dituzte Euskal Herrian, AEBetarako saio bereziak prestatzen.
Boise, AEB. Boiseko Euzkaldunak Inc. Euskal Etxean bertan izan zen, atzo eguerdian, Basque Soccer Friendly-k antolatutako prentsaurrekoa. 75 lagun inguru bildu ziren bertara, tartean, Dave Bieter alkate euskalduna, Boiseko Mexikoko kontsulorde Wilma Gandoy, Bizkaiko Foru Aldundiko Imanol Pradales eta Gabino Martinez de Arenaza −Ekonomi Sustapeneko diputatua eta Turismo eta Kanpo Sustapenetako zuzendaria, hurrenez hurren−, talde antolatzaileko hainbat kide, eta zenbait komunikabide. Athletic Club-eko Zuzendaritzako kide Jokin Garateak, bideo bidez, futbol taldearen aldartea azaldu zuen ere, baina prentsaurrekoa bukatuta, Bizkaiko ordezkariek adierazpenik egingo ez zutela esan zioten EuskalKultura.com-i.
Duela 117 urte sortua bada ere, lehenbizikoz jokatuko du Athletic Club-ek AEBetan; aldiz, eta nahiz eta Liga MX-en (Mexikoko ligan) aritzen den, Xolos taldeak badu herrialdearekin harreman esturik: zazpi jokalari ipar amerikar ditu, tartean AEBetako selekzioarekin hamalau partidu jokatu dituen Joe Corona erdilaria.
Beristainen berbatan, Xolosko jokalariak “oso pozik daude partidarekin”. “Gonbitea bidali genien eta minutu gutxira eman ziguten baiezkoa”. “Partidu ederra” aurreikusten du antolatzaileak eta, horren adibide, interneteko sare sozialetan eman den erreakzio ugari eta positiboa jarri du.
Apirilaren 27an ipiniko dira sarrerak salgai, Ticketmaster atariaren bitartez. Alabaina, Kuadrilla talde bultzatzaileko kide egiten direnak lau egun lehenago, hilaren 23an, izango dute txartelak erosteko aukera, webgune berdinean. Kuadrilla-ko kide izateko 45 dolar ordaindu behar dira, eta hementxe bertan bete daiteke formularioa.
Batzuk Mexikora, besteak Euskal Herrira
Prentsaurrekoaren ostean, Argia Beristainek aurreratu zuen, apiril honetan Tijuanara bidaiatuko dutela berak, John Bieter-ek eta Bill Taylor-ek. Hirurak dira Basque Soccer Friendly-ko talde antolatzaileko kide eta, Taylor, horrez gain, Idaho Youth Soccer Association-eko lehendakaria ere bada. Xolos eta Chivas-en arteko norgehiagoka ikusteaz gain, Athletic-en aurka arituko den klubarekin zehaztu nahi dute partida Mexikon iragartzeko estrategia ahalik eta oihartzun handiena izan dezan.
Bestalde, KTVB telebista kateko Mark Johnson eta Brian Holmes kazetariak, Xanti Alcelay argazkilari boisetarrarekin batera, Euskal Herrian izango dira hilaren 26tik 30era bitartean. Bilbo inguruko giroa grabatu, hainbat bideo prestatu eta Athletic-Real derbia emateko. Izatez, apirilaren 28an jokatuko den buruz-buruko euskalduna Euskal Etxean bertan ikusiko dute Boiseko futbol zaleek.