Athletic-eko jokalari ohi Iraolak debuta egingo du igande honetan bere ekipo berria den New York City FCrekin, eta ondoren harrera ekitaldi bat egingo diote Etxeorratzen Hiriko Eusko Etxeak eta Athletic-ek NYeko Peñak. Debuta eta harrera ekitaldia ere Yankee Stadium-en izango dira, azken hau estadioko gela berezi batean. New Yorken bazaude, garaiz zabiltza parte hartzeko, hemen ematen dizugun Eusko Etxeko emailera idatzita.
New York, AEB. Bilboko Athletic-en kapitain ohiaren aurkezpena New York City FCeko jokalari gisa asteartean egin zen, Frank Lampard eta Angeliño jokalariekin batera, Manhattengo hotel batean. Usurbildarra ongi moldatu zen ingelesez zein gaztelaniaz egin zizkioten galderei erantzuten eta datorren igandean Yankee Stadium-en jokatuko duen debuteko partida ere aipatu zuen, 51 zenbakia bizkarrean zelairatuko delarik 'blue' elastikoarekin.
Andoni Iraola Sagarna (Usurbil, Gipuzkoa, 1982) Bilboko Athletic-eko kapitaina izana da eta talde zurigorrian hamabi denboraldi jokatu ondoren iritsi da Estatu Batuetara. Jokalariak igandean arratsaldeko 3:00etan hasiko den partidan egingo du debuta New York City FCrekin, Toronto FCren aurka, Yankee Stadiumean.
New Yorkeko Eusko Etxetik EuskalKultura.com-i adierazi zaionez, partidaren ondoren Eusko Etxeak eta hiriko Athletic-en Peñak harrera ekitaldi bat antolatu diote estadioan bertan eta hori antolatzeko furbol taldea bera jarri zen eurekin kontaktuan.
Athleticzalea bazara edo igandean New Yorken bazaude eta ekitaldian parte hartu eta Iraola aurrez aurre agurtu nahi baduzu, jar zaitez harremanetan lehenbailehen Eusko Etxearekin edo Peñarekin, taldeak prezio berezian egokitu baitizkie sarrerak bi euskal erakundeei. Hamabost baino gehiagoko taldea izanik, gainera, oraindik prezio hobean.
Interesatuak kontaktatu Eusko Etxearekin emaila nyeuzkoetxea2013@gmail.com helbidera igorriz edo Peñarekin, Facebook bidez,