euskal diaspora eta kultura
2011/05/23
PUBLIZITATEA
Habana, Kuba. 2011ko lehendabiziko bost hilabeteotan egindako lana izan zen hizpide AthletiKuba taldearen bigarren urteurreneko batzarrean. 2009ko maiatzaren 19an sortu zen elkartea eta, antolatzaileek aitortzen dutenez, ekimenak "hasierako aurreikuspen guztiak gainditu ditu". Egun 40 bazkidek osatzen dute taldea: Kuban bizi diren euskaldunak zein kubatarrak euskaltzakeak (eta "hiru realzalek ere", elkarteko idazkariaren esanetan). AthletiKubak ehun bat ohorezko bazkideen sostengua jasotzen du Euskal Herritik.
Bilkuran elkarteko antolakuntza arduradunek aurtengo bost hilabete hauetan eginiko lana laburbildu zuen: hileko azken ostiraleko topaketak, Athletic-en, Realaren eta Osasunaren partiden emanaldiak, danborrada, lehendabiziko patata tortila lehiaketa eta ospatu berri duten Aberri Eguneko jaia, besteak beste.
[Batzarreko eguneko gaiak jorratzen, Josemi Arrugaeta berdez (argazkia MMarotta)]
Partehartzea zabaldu
Ondoren, elkarteko diruzainak urteko kontuen laburpena aurkeztu zuen eta bereziki azpimarratu zuen ohorezko bazkideek Aberri Eguneko bezperako ekitaldien antolakuntzarako emandako diru laguntza. AthletiKuba izan zen bezperako ekitaldien antolatzailea. Azkenik, elkarteko kideek euskal-kubatar gizataldearentzako interes handiko zenbait gai aztertu zituzten, elkarteak gizarte eta kultur gaietan duen partehartzea sakondu aldera.
Bilkuraren ostean, elkarteko kideek eta zenbait gonbidatuk bazkaria egin zuten. Menua honakoa izan zen: izkirak maionesarekin, entsalada errusiarra (Felix Sarasola sukaldariak prestatua), txerri errekia yuca eta "congrí"-arekin eta urtebetetze tarta zurigorria.
[Batzarraren ostean egin zen bazkariaren une bat (argazkia MMarotta)]
Lehoi-bihotza
Bazkalondoan, bazkideek, ohi bezala, talde argazkia atera zuten eta bi laguneri omenaldia egin zieten: batetik, diploma berezia eman zioten elkarteko ohorezko bigarren bazkideari, Julian Bienvenido bilbotarra berau, bere sostengu etengabearengatik; eta, bestetik, "lehoi-bihotza" saria eman zioten Antuanet Mayarí kubatarrari, taldearen ekimenetan izan duen parte-hartze aktiboa eskertuz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus