euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ateak itxi ditu San Frantziskoko 'Piperade' euskal jatetxe ospetsuak, Gerald Hirigoyen jabe eta chefak erretreta hartuta

2023/12/05

Gerald Hirigoyenek izen polita irabazi du San Frantziskoaldean bere "West Coast Basque" sukaldaritzarekin (arg Kathleen Harrison)
Gerald Hirigoyenek izen polita irabazi du San Frantziskoaldean bere "West Coast Basque" sukaldaritzarekin (arg Kathleen Harrison)

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. Gerald Hirigoyen Aiherrako chef baxenafartarrak duela hogei urte sortua, azaro azkenean, joan den astean, itxi ditu ateak San Frantziskon 'Piperade' euskal ostatu famatuak. Bere fama, izan ere, publiko orokorraren eta sukaldaritza estimatzen dutenen artean hedatzen zen eta, gainera, San Frantziskoko Badiaren Eremuko eta Kalifornia osoko euskaldunentzat erreferentzia bat zen, zeozer berezia ospatu edo kanpoko bisitariak zetozen aldietan. Menuan hainbat euskal estiloko plater eta produktu ere topa zitezkeen, baita ardo eta pattar eta likoreen artean ere. Askorentzat, "konfiantzazko jatetxe ona" zen.

Gerald Hirigoyen bera, izen ezagutua da San Frantziskoko sukaldarien artean. Piperaderekin batera beste jatetxe batzuk izan ditu azken hiru hamarkada paseetan San Frantziskon, bereziki La Fringale,(1991-2020), Pastis (1996), 2002an Piperade bihurtuko zuena, eta geroago 2004an Bocadillos; eta emanak ditu argitara liburuak euskal sukaldaritza eta errezetez, hala nola "Pintxos: Small Plates in the Basque Tradition" (2011), "The Basque Kitchen: Tempting Food from the Pyrenees" (1999) eta "Bistro: The Best of Casual French Cooking".(1995). Izan ere frantses sukaldaritzaren ikurpean heldu zen bera San Frantziskora, eta denborarekin nabarmenago azaleratu zitzaion euskal osagaia. Egiten duen sukaldariza “West Coast Basque” izenarekin aipatu izan du.

Zorionak, Gerald!

Bi hamarkada egin ditu Piperaderekin, pandemia eta konfinamenduak tarteko, eta itxiera orain, erretreta hartzeko tenorea heldu zaiolako izan dela adierazi du. "Zergatik [jatetxearen itxiera]? Zaharra naizelako", aitortu dio irribarre batekin San Frantziskoko Eater kazetari. "Erretiratu nahi dut, eta hau da momentua, ez da oso konplikatua". Zorterik onena, Gerald!

Bide batez, Piperadek salgai ipini ditu bere barnean dituen gauza guztiak, mahai, aulki, kubiertoak, sukaldeko tresnak, tabernakoak, dekorazio, haltzari eta apaingarri eta tresnak oro. San Frantziskon bizi bazara, bertatik pasatu baino ez duzu egin behar, ez dute erreserbatzen. Abenduaren 15era arte, egunero 10etatik 18etara. Ekarri zure auto edo furgoneta. Esku diruz edo txartelarekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia