euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ateak ireki ditu Durangoko Azokak; bihar Juan Zelaia sarituko dute euskal kultura sustatu eta Diasporarekin zubiak erakitzeagatik

2008/12/05

Iazko azoka, jendez lepo (argazkia Gerediaga)
Iazko azoka, jendez lepo (argazkia Gerediaga)

PUBLIZITATEA

Abian da jada Durangoko Azokaren 43. edizioa. Azoka euskal kulturaren munduan urteko hitzordu nagusienetakoa da eta aurten ere zazpi probintzietako milaka euskaltzale bilduko dira herri bizkaitarrera. Beste urteetan bezala zortzigarren probintziako, hau da, Diasporako bisitariak ere izango dira azokan, horien artean astelehenean kontzertua eskainiko duen Maral talde euskal-argentinarra. Diasporarekin harreman estua duen beste euskaltzale batek, Juan Zelaia enpresariak, jasoko du bihar Argizaiola saria, euskal kulturaren alde egindako lanarengatik.

Durango, Bizkaia. Gaur goizeko hamar eta erdietan ireki dituzte Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 43. edizio honen ateak. Azokan euskal kultur industriaren azken ekoizpenak aurkeztuko dituzte, guztira 504 lan berri, liburu, disko, DVD eta abarren artean. Aurtengo edizioan berriki zendu den Mikel Laboa musikaria izango dute gogoan, eta berarekin batera, urtean zehar hil diren beste kultur eragile, sortzaile eta euskaltzaleak, besteak beste, Gotzon Garate, Karmelo Etxenagusia, Henrike Knrörr, Xabier Iratzeder, Elias Amezaga eta Mikel Errazkin.

Sariei dagokienez, aurten Juan Zelaia Letamendia enpresariak jasoko du Argizaiola saria, bihar azokan egingo den ekitaldian. Euskal kulturaren alde azken hamarkadetan egin duen lan nekagaitzarengatik eman diote saria Zelaiari. Enpresariak diruz lagundu ditu hamaika ekimen, ikastolei laguntzetik hasi eta hiztegi eta entziklopediak egiteko finantziazioa emateraino. Tartean, bertsolaritza, euskal kazetaritza, historia eta hizkuntzalaritza ikerketak eta kirol arloko ekimenek ere lagundu ditu, horien artean 1974. urtean Everest mendira egin zen Tximist Espedizio ezaguna. 

Zelaiak harreman estua du euskal diasporarekin. 'Bizitzaren erdia baino gehiago Ameriketan bizitzen edo Europa eta Amerika artean eman dut, eta neure burua Diasporako euskalduntzat daukat', adierazi izan du sarritan. Diasporatik ere, aurtengo Azokak bisitari oso bereziak izango ditu: Argentinako Maral taldea. Musikari euskal argentinar hauek Arrecifes hiriko Euskal Etxearekin harreman estua dute (kantaria bertako lehendakari ere izan da) eta euskal kantuak normaltasunez baitaratu dituzte, Argentinan, euren errepertoriora. Astelehenean Azokan ariko dira kantuan, Diasporako euskaldunek euskal kulturari egiten dioten ekarriaren irudi.

EGITARAUA

GAUR, ABENDUAK 5

-10:30. Makillaje erakustaldia, Laudioko IES Canciller Ayala ikastetxeko ikasleen eskutik.
-11:00. Graffiti tailerra egingo du Garikoitz Arregi irakasleak azoka kanpoaldean.
-11:30. Irudigileen Jardun Profesionala. Arnal Ballester, Iñaki Martiarena Mattin, Aitziber Alonso eta Dani Maiz.
-18:30. Inaugurazio ofiziala. Sarrera hitzaldia Eneko Olasagastik emango du.

BIHAR, ABENDUAK 6

-11:15. Hamaika Telebistaren aurkezpena.
-12:30. Hitzaldia: Finlandiako literauraren garaiak erdiarotik gaurdaino. Hizlaria: Salla Janerfelt.
-16:00. Film laburren maratoia, Kimuak egitasmoaren 10 urteurrena gogoratzeko.
-20:30. Gauean Argi: Argizaiola omen-saria emango diote Juan Zelaiari. San Agustin Kulturgunean.

ETZI, ABENDUAK 7

-11:00. Gotzon Garateren omenaldia.
-12:30. Ikus-entzunezkoa: Euskal Herriko paisaje zoragarriak. Argazkilariak: Santiago Yaniz eta Xabo Otero. Gero, Lorea Madina kazetariarekin solasaldia.
-17:00. Mahai-ingurua: Emakumeak sortzen. Laura Mintegi, Josune Muñoz, Aiora Renteria eta Leire Bilbao.
-19:00. Omenaldia Mikel Errazkini.

ASTELEHENA, ABENDUAK 8

-12:30. Hitzaldia: Hizkuntza txikiak, literatura handiak. Hizlariak: Bernardo Atxaga, Quim Monzo eta Josep Bargallo.
-17:00. Kantaldia: Maral taldea (Argentina).
-17:30. Ume antzerkia: Baserriko saltsa, La Baldufaren saioa. San Agustin Kulturgunean.

Azokari buruzko informazioa gehiago, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia