Donostia-San Sebastian. Unanue-Zar baserria erakutsi eta eraikinaren eta bertan egoitza duen hotelaren historia eta ixtorio kontatuko dituen 'Ate irekiak' izena hartu duen eguerdipasa proposamena luzatu du Donostiako Heredad de Unanue hotelak datorren iganderako, bereziki Añorga eta Errekalde inguruko lagunei zuzendua, baina finean baserri eta hotela barrutik ezagutu nahi duten guztiei zabalik. Añorga Kirol eta Kultura Elkartea lankide, nahi duenak oinezko ibilalditxo baten ondoren iritsi ahal izango da, eguerdian (12:00etan) Jolas Etxetik abiatuta; eta bestela, hitzordua Unanue-Zarren bertan da, 12:30etatik aurrera.
Ekitaldi xinplea izango da 12:30etatik aurrera egingo dena: Jendea bildu, eta baserriaren historiaren berri laburra emango zaie, eta baita gaur egun bertan kokatu den hotelaren berri ere, besteak beste Diasporarekin duen lotura berezia ere esplikatuta. Ondoren, nahi duenak, hoteleko areto eta gelak bisitatu ahal izango ditu, bisita gidatuan.
Bertaratzen direnek, bestalde, bertako sagastietako sagarrak baliatuz sagar-zukua nola egiten den ikusi ahal izango dute, prentsa eta makina bereziaren erabilera azalduz eta bertan eta une horretan egindako sagar-zukua dastatzeko aukerarekin.
Adin guztietako pertsonentzako plana da.
Benetan, baduzu datorren igande eguerdirako plan hoberik?
Heredad de Unanue Hotela
Errotazar Bidea, 142
20018 Donostia-San Sebastián
www.hotelunanue.com
Tel: +34 843 931 931
info@hotelunanue.com