euskal diaspora eta kultura
2011/03/14
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. AT! ikuskizunaren aurkezpen prentsaurrekoa egin dute gaur Bilbon. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Blanca Urgell; Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria, Aizpea Goenaga; Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria, Mari Jose Olaziregi; eta Fernando Bernues antzerki zuzendaria.
AT! ikuskizunak 25 euskal idazleren testuak oinarri hartuta musika, dantza eta antzerki emankizuna taularatuko du bihar arratsaldeko 19:30etatik aurrera Arriaga antzokian. Fernando Bernues da emankizunaren zuzendaria eta berarekin batera Iñaki Salvador arituko da musika zuzendaritzan eta Jon Maya koreografo gisa. AT! Etxepareren aurkezpen-txartela izango da euskal gizartearen aurrean, eta hori dela eta nahi duenak gonbidapenak eskuratzeko aukera izango du bihar arte erakudenaren webgunean izena emanda.
Kohesioa eta sinergiak
Etxepare Institutuko zuzendariak, Aizpea Goenagak, AT! institutuaren filosofiari erabat lotuta sortu den ikuskizuna dela azpimarratu du, elkarlana eta batasuna Euskal Herriko ahalmen sortzaileak erakusteko bidea direla azalduz. Ikuskizuna talde sormenaren aldeko apustua dela azpimarratu du Goenagak. AT!-en parte hartu duten idazleek testu bilduma aparta eskaini omen diote Etxepareri, eta testu horiek guztiek ikusleen artean banatuko duten liburu elebidun batera bildu ditu Institutuak. Etxepare Institutuaren webgunearen bitartez ere eskuragarri egongo dira.
Bestalde, Blanca Urgell Kultura sailburuak azpimarratu du Bernart Etxeparek "euskara jalgi hadi mundura‟ hura idatzi zuenez geroztik euskal poeta, idazle, margolari, musikari eta artista asko izan direla euskal kulturaren enbaxadore eta baieztatu du Jaurlaritzak Etxepare Institutuari euskara eta euskal kultura zabalteko bide horretan laguntzeko konpromezu sendoa duela.
Eta gehiago...
Aurkezpenean, Etxepare Institutuko Euskara Sustatzeko Zuzendariak, Mari Jose Olaziregik, erakundearen azken lorpenen berri eman du. Unibertsitate eta euskal kultura irakurlegoen arloan Olaziregik azaldu du datorren urtean AEBetako Stanford University ospetsuak euskal irakurlego bat jarriko duela abian, eta New York City University-k euskal literatura katedra bat eskainiko duela.
Bestalde, datozen egunetan egingo diren jardueren artean datorren martxoaren 27an Bernardo Atxagak Bruselako Passaporta literatur jaialdian parte hartuko duela aipatu du. Egun batzuk beranduago, martxoaren 30ean, Etxepare Institutuak Birmingham Unversityko Professor Lawrence Trask Lecture jardunaldietan parte hartuko du Ingalaterran.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus