euskal diaspora eta kultura
2012/03/16
PUBLIZITATEA
Madril, Espainia. Euskarak ezohiko lekua izan du aste honetan Madrilen, Euskaltzaindiak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatu dituzten "Euskarari Gorazarre" jardunaldiei esker. Zalantzarik gabe, egunotako irudirik esanguratsuena asteazkenean Espainiako Erret Akademian euskal hizkuntzari egin zitzaion harrera ekitaldia izan zen; horrela, lehen aldiz sartu zen ofizialki euskara akademia honen egoitza ofizialean. Euskal ordezkaritzaren buru Andres Urrutia euskaltzainburua eta Aizpea Goenaga, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria, izan ziren. Blanca Urgell Kultur sailburua ere bertan izatekoa zen, baina bere hegaldiarekin izandako azken orduko arazoak zirela medio ez zuen ekitaldian egoterik izan.
Halatan, Aizpea Goenagak hartu zuen hitza Urgellen ordez eta haren hitzak irakurri zituen, hitzaldian euskararen biziraupena egiaztatuz, euskal gizarteak garai berrietan premia berriei egokitzeko beti erakutsi duen ahalmenari esker. Goenagak esan zuen "zerbait estimatzeko, lehenengoz ezagutu" egin behar dela, eta, hortaz, Espainian, Estatuko hizkuntzak ezagutu ahal izateko bideak zabal daitezen eta Espainiako Irrati eta Telebistan Estatuko hizkuntzak entzun daitezen eskatu zuen.
Bestalde, Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi zuen ezin aproposagoa zela jardunaldi honen barruan Henrike Knörr izan zenari omenaldia egitea, izan ere, “hizkuntzen eta kulturen arteko elkarlanaren bultzatzaile sutsua izan baitzen” euskaltzaina.
"At!" ikuskizuna gaur
Ekitaldi ofizialaz gain, kultur jarduera ugari ere egin dira egunotan Madrilen eta horietako bat izan zen asteazkenean lau euskal idazlek --Mariasun Landa, Arantxa Urretabizkaia, Eider Rodriguez eta Miren Agur Meabe-- Euskal Herriko sorkuntzaz egin zuten mahaingurua. Atzo, eguneko protagonista nagusietako bat Bernardo Atxaga idazlea izan zen. Atxagak "Katuak eta paradisua" ikuskizun poetikoa eskaini zuen, Ruper Ordorika kantariaren musikak lagunduta.
"Euskarari Gorazarre" jardunaldia gaur bukatuko da "At!" ikuskizunaren emanaldiarekin. Círculo de Bellas Artes-en izango da, arratsaldeko zortzietan. "At!" euskara eta euskal kulturari buruzko ikuskizuna da eta Etxepare Euskal Institutuaren aurkezpen txartela izan zen Euskal Herrian. Orain, ikuskizun horren bertsio egokitu bat aurkeztuko da Madrilen, espainiar gizartearen aurrean egungo euskal kulturaren ikuspegi bat emateko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus