Asuncion, Paraguai. Elkarretaratze esanguratsua ari da antolatzen Asunciongo Euskal Etxea uztailaren azken eguna, San Inazio egunerako. Programa abiatuz, Eduardo Nakayama historialariak Paraguaiko euskaldunak aipatuko ditu ‘Euskal jatorriko jendea Paraguain’ hitzaldian. Ondoren, euskal afaria egingo da honako menuarekin: bakailaoa, garbantzuak Bizkaiko erara eta babarrunak. Ekitaldirako euskal dantza emanaldia prestatu du Ninive Orrego buru duen dantza taldeak. Hau guztia uztailaren 31an, iluntzeko 7:30etatik aurrera.
Gonbite honekin batera, Euskal Etxetik jakinarazi zaio EuskalKultura.eus-i euskal elkartea partaide izan dela, Jose Maria Vargas Peña Apezteguia buru zuen ordezkaritza bat medio, San Juan Bautista herrian, Misiones departamentuan, Sebastian Sasiain Zubillaga euskaldunari eginiko omenaldian, parte hartu ere ikurriña eta euskal ikurrak eskuetan bertako kaleetan zehar antolatutako desfilean.
Gogora dezagun Sebastian Sasiain Zubillaga Gipuzkoako Leintz-Gatzagan jaio eta 26 urterekin, 1926an, Paraguaira etorri zela, San Juan Bautista herrira hain zuzen. Oso pertsona ezaguna eta maitatua bilakatu zen eskualdean, besteaka beste bertako sukaldaritza herrikoiaren 'Batiburrillo' delako plateraren egiletza eta ‘Siriki’ izeneko edari tipikoaren egiletza berari egozten baitzaizkio.
Euskal Etxearen Facebook Asunción-eko Euskal Etxea