euskal diaspora eta kultura
2009/07/03
PUBLIZITATEA
Viña del Mar, Txile. Aire-Aire trikitixa taldeak Viña del Mar-en egingo du emanaldia uztailaren 13an, 18:45ean Cine Arte delakoan. Emanaldia posible izan da Valparaísoko euskal komunitateari eta erakundeei esker, Astigarragako Udalaren partaidetzari eta, bistan da, baita 'Norberto Almandoz' Musika Eskolaren elkarlanari ere.
Viña del Mar-en aurretik, ordea, Santiago hiriburuan arituko da neskek osatutako trikiti talde hau, uztailaren 10ean eta Euzko Etxearen egoitzan, Ramon Muguruza Aretoan, Euzko Etxeko Itxaropen gaztea dantza taldea lagun. Arratsaldeko zotzietatik aurrera izango da, sarrera musutruke. Emanaldiaren ondotik ohorezko ardo bat zerbitzatuko da.
Dantzarako euskal musika tradizionala
Aire Aire Trikitixa taldea duela zortzi urte inguru sortu zen Astigarragako Norberto Almandoz Musika Eskolaren inguruan eta egun, neska soinujole gazteek osatzen dute. Talde honen lanak euskal musika tradizionala suspertzea hartzen du oinarri, eta horregatik trikitixa, panderoa, egurrezko goilarak eta txalaparta ere erabiltzen dituzte. Euskal tresna tradizionalak dira hauek guztiak eta eurekin, dantzarako betiko doinuak joko dituzte. Normalean, kasu honetan izango den moduan, dantzaz eta kantuz laguntzen dute euren emanaldia.
Honakoak joko dituztela adierazi du taldeak: Kalejira (popurri), Fandango (Andre Maddalen), Arin-arin (Neska zaharrak), Irlandesa (Ujuka), Fandango (Bihotzez), Arin-arin (Cajun), Fandango (Gozategi), Arin-arin (Gizaburua), Zazpi-jauzi dantza y Kalejira (Gaur ez goaz etxera) besteak beste, oso ezagunak Euskal Herriko txoko eta plazetan.
Kontzertua eta gehiago
Esan, azkenik, Valparaisoko Eusko Etxetik bere lehendakari Archibaldo Uriartek gure buletinari esan dionez, bertako euskal elkarteak aurrera aterako dituela emanaldi honen ondotik ere zenbait ekimen datozen hilabeteotan. Horien artean bereziki azpimarratu ditu abuztuaren 6an --asteburua-- Euskal Etxeak modu berezian ospatuko duen 'Iñaki Deina' (si) edo Loiolako San Ignazio eguna; eta irailaren 22an, 'Euskadi, gure arbasoen lurra' pintura eta eskultura erakusketa inauguratuko dutela Carrasco Jauregian, Avenida Libertad 250, Viña del Marren.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus