Cordoba, Argentina. Garaiz zaude apuntatzeko, joan den asteleheneko lehenengo saioan parte hartu ez bazenuen ere. Izena emateko aski da emailez eskatzea geroracordoba@gmail.com helbidera. Irakasle dira Fernando Zabalza, Noé Fernández eta Santiago Chamorro, Cordobako 'Gerora' euskal elkarteko 'Lurra eta Haizea' musika taldeko hiru musikari gazte bezain aditu eta ekimentsuak. Hemen irakur ditzakezu ikastaroko programa eta argibideak. Ez da aldez aurretiko ezagutzarik eskatzen.
Lehenengo saiorako 21 pertsonek eman zuten izena, aniztasuna ezaugarri, tartean baitzeuden "txistua ikasi nahi duten euskal etxeetako kideak, instrumentuarekin interesatuta dauden musikari profesionalak, musika ez dakiten baina txistuaren historia eta erabiilera ezagutu nahi duten pertsonak... Emakumeak eta gizonak, ia parean, emakume gehixeago seguruenik", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Santiago Chamorrok, parte-hartzaileen profilari buruz galdetuta.
Adin aldetik ere, adin guztietakoak. Eta geografikoki, argentinarrak gehienak, hala nola Cordoba, Tandil, Azul, Cañuelas, Capital Federal, Rosario, Bahia Blanca, Misiones eta La Matanza-koak, baina baita ere Uruguai eta Kolonbiakoak.
Idatzi oraintxe geroracordoba@gmail.com helbidera eta jarraibideak bidaliko dizkizute.
Baina ez geroratu gehiegi, hurrengo saioa datorren astelehenean baita, ekainaren 21ean, eta ondokoa eta azkena ekainaren 28an, beti ere 20:00etatik 21:30etara.