Tokio, Japonia. Datorren astelehenean Tokyo International Film Festival (TIFF) inauguratuko da hiriburu japoniarrean. Hitzordua Asiako eta munduko zinemaldi garrantzitsuenetako bat kontsideratua da eta aurten topaketak Euskal Leiho bat iragarri bere programazioan, bost euskal izenburu iragarriz World Focus sailean, munduko zinemaren egungo joerak islatzen dituen atal horretan, Etxepare Euskal Institutuak ohar batean jakitera eman duenez.
Euskal Leiho hau Etxepare Euskal Institutuaren eta TIFFen arteko lankidetzaren emaitza da, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin eta Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia ere partaide, eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Japan 2023 programari lotua da. Programa horren bidez, Euskadiren eta Japoniaren arteko harremanak indartu eta ikusarazi nahi dira, hainbat arlotan lankidetza berriak bultzatuz: kulturan, gastronomian, turismoan, ekonomian, kirolean...
‘20.000 especies de abejas’
Iada ezaguna eta saritua izan den Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako ‘20.000 especies de abejas’ Japoniako estreinaldia izango du TIFFeko Euskal Leihoan. Urresolaren opera primak hainbat aintzatespen jaso ditu izen handiko jaialdietan; hala nola, Berlinalen, Malagako Zinema Jaialdian, Hong Kong International Film Festivalen edo Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko jaso duen aurre-hautatua izatean. Azkeneko Donostiako Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan Egile Berriak Saria jaso zuen. Filmak genero-nortasunaren gaia, transexualitatea haurtzaroan eta familiaren eta gizartearen egituren aniztasuna jorratzen ditu, besteak beste.
‘Sultanaren ametsa’
Isabel Hergeraren ‘Sultanaren ametsa’ zuzendariaren lehenengo film luzea da eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen, Euskal Gidoi Onenaren Saria jasoz Euskal Zinemaren Galan. Hergeraren animaziozko filmak Ines donostiar zuzendari gaztearen bidaia iniziatikoa kontatzen du Indian barrena. 1905ean, Rokeya Hossein idazle bengaliarrak Ladylandekin egin zuen amets, emakumeek gobernatutako lurralde utopikoarekin, eta handik mende batera, Inések autoaurkikuntza-bidaia bati ekitea erabakitzen du, Rokeyaren aztarnei jarraituz eta Ladyland-en bila.
‘O corno / The Rye Horn’
Jaione Cambordaren ‘O corno / The Rye Horn’ ere, Euskal Leihoaren parte izango da. Filmak 71. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortu zuen. Aurretik, Toronto International Film Festivalen ere aritu zen. Galiziako landa-eremuan kokatzen den pelikula honek, ihes egindako emakume baten istorioa kontatzen du. Emakume horrek bere burua berrasmatu eta amatasun eta nortasun kontuei aurre egin behar die.
‘Arnasa Betean, emakume zinemagileak’
Rosa Zufía eta Bertha Gaztelumendi zuzendarien ‘Arnasa Betean, emakume zinemagileak’ dokumentala ere ikusi ahal izang da jaialdian. Atzoko eta gaurko emakumezko euskal zinemagileak protagonista dituen eta gaiaren ikuspegi unibertsala erakusten duen dokumental honek nazioarteko estreinaldia izango du Japonian.
‘Las buenas compañías / In the Company of Women’
Azkenik, Silvia Muntek zuzendutako ‘Las buenas compañías / In the Company of Women’ filmaren ere bertan izango da. Iaz filmak Ikusleen Saria lortu zuen Giza Eskubideen 20. Zinemaldian. Espainiako diktaduraren azken egunetan emakumeen eskubideen alde borrokan ari diren Frantziako eta Espainiako mugako euskal ekintzaile talde baten bizitza kontatzen du luzemetraiak.
Etxepare Euskal Institutuak ekitaldi bat antolatuko du Tokion urriaren 30ean Tokioko 36. Nazioarteko Zinemaldiaren baitan izango den Euskal Leihoa aurkezteko. Filmetako zuzendarietako batzuk eta erakundeetako ordezkariak izango dira euskal zinemaren industriaren topagunea izan nahi duen ekitaldian.