euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Astelehenean hasiko da Villa Marian 'Anima Zaitez!'en 6. edizioa, Euskal Herritik etorritako 4 gazte tailer-emaile

2023/07/13

Tailerrak, klaseak eta doako jarduerak izango dira Euzko Etxea Euskal Etxean bi asteetan zehar
Tailerrak, klaseak eta doako jarduerak izango dira Euzko Etxea Euskal Etxean bi asteetan zehar

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Prestaketa lanetan gogor aritu ondoren, dena prest dago eta datorren astelehenean abiatuko da Villa Mariako Euzko Etxean Anima Zaitez! kultur truke programa. Aurtengoan 4 gazte izango dira Euskal Herritik euskal kulturari buruzko hainbat alderdi partekatzera etorritakoak: Garazi Suinaga (Gorliz, Bizkaia), Garazi Fernandez (Barakaldo, Bizkaia), Larraitz Goikoetxea (Beasain, Gipuzkoa) eta Iñaki Landa (Vitoria-Gasteiz). Edo guztia den bezala esatearren, hiru Euskal Herritik zuzenean eta propio etorriko dira, laugarrena, Garazi Suinaga, Argentinan baitago dagoeneko, ikasturte honetan La Platako Unibertsitatean ikasle baita. Programa bi astez garatuko da eta jarduera, klase eta tailer ugari emango dituzte Euskal Herriko lau gazteek, doakoak eta komunitateari irekiak.

Aurtengo deialdian, Anima Zaitez!-ekin Argentinara etorri nahi zuten gazteei eskatu zitzaien proposamenak egitea landu nahiko lituzketen gaiak adieraziz. Hala egin zuten eta gai horietako zenbait jardueren kronograman sartu ahal izan dira. Parte hartzaile bakoitzak, beraz, bere ekarpena egiteko aukera izango du gehien menperatzen duen edo berezki gustukoa duen berak hautatutako gairen bat emanez, tarteko direla euskara, sukaldaritza, dantza, musika, historia edo filologia. Egitarauan euskalkiei buruzko, jantzi tipikoei buruzko eta jai herrikoiei buruzko hitzaldiak eskainiko dira, dantza tailerrak eginez, baita gastronomia tailer bat eta txikientzako tailer bereziak.

Eman izena telefonoz

Nesketako bik bertsolaritza landu nahi zutenez, jarduera berezi bat antolatu da uztailaren 25ean(asteartea) payadore argentinar batekin, Araceli Argüellorekin (Pozo del Molle, Cordoba). Argüellok esperientzia izan zuen bertsolari batzuekin batera kantatuz Euskal Herrian 2018an egin zen inprobisatzaile bira batean. Programako koordinatzaile Flor Denizek EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, Euskal Etxeko ateak irekita egongo dira, topaketa hauetan guztietan parte hartu nahi duten herritar guztiek, euskal etxeko edo euskal gizataldeko kide izan ala ez, parte hartu ahal izan dezaten.

Euskal Etxearen egoitzan garatuko denaz gain, EHko gazteek irteerak ere egingo dituzte, zenbait eskoletara eta Unibertsitate Nazionalera, euskal kultura haien artean ezagutarazi eta zabaltzeko, eta jendeak Euskal Etxean egiten den lana hobeto ezagutzearren. Halaber, euskal bisitariekin aisialdi irteerak egiteko denbora aurreikusi dute, landetara eta mendira, esaterako. Egitaraua bukatzeko, uztailaren 29an afaria bat egingo da Euskal Etxean, San Ignazio Eguna eta Lagunaren Eguna ospatuz.

Jardueretan izena emateko, deitu 3534213400 telefonora.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia