euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datorren astelehenean hasiko da Donostian Gizarte Berrikuntza alorreko lehen Nazioarteko Ikastaroa

2008/07/23

Miramar Jauregia eta lorategiak izango dira ikastaroaren egoitza
Miramar Jauregia eta lorategiak izango dira ikastaroaren egoitza

PUBLIZITATEA

Donostiako Miramar Jauregia eta EHUko Udako Ikastaroak izango dira datorren astelehenetik hasi eta asteazkenera bitartean munduan antolatzen den Gizarte Innobazio alorreko lehen Nazioarteko Uda Ikastaroaren egoitza. Ikastaroa Mondragon Taldeko (MIK) kudeaketa alorreko ikerketa-zentroak, Londresko Young Foundation-ek, eta SIXek, nazioarteko gizarte berrikuntza alorreko sare garrantzitsuenak, antolatu dute. Ikastaroak gizartearen arlo desberdinetan aritzeko bide eta modu berriak proposatzen ditu eta horixe bera aplikatuko dute ikastaroaren formatuan, jarduera deigarri eta orijinalekin, tartean adibidez, 'Donostiako Alde Zaharrean poteatzeari buruzko ikastaro' batekin.

Donostia-San Sebastián. Ikastaroak elkarreraginean oinarritutako oso formatu berritzailea du, eta bere helburua "gizarte berrikuntzan finantziazio, diseinu, kudeaketa eta politika alorreko esperientziei buruz hitz egitea da; hala nola, osasun, hezkuntza, enplegu eta komunikabide arloei dagokionez", azaldu dute arduradunek.

Ikastaroak elkarreraginean oinarritutako formatu aitzindaria izango du, oso berritzailea. Txostenak, aurkezpenak, eztabaidak eta lan-saioak egitea antolatu dute “ideiak, esperientziak eta iritziak ahal den gehiena trukatzea sustatzeko” Carlos Fernández Isoirden antolatzailearen, arabera. Ikastaroa ez omen da eskola magistralak dituen udako ohiko ikastaroa izango. Hala, goizetan Miramar Jauregiko ikasgeletan lan egingo da, eta arratsaldeetan, eguraldi ona egiten badu, saioak lorategietan edo hondartzan egingo dira, musikarekin eta giro lasaian.

Alde Zaharrean poteoa

Horrez gainera, ikastaroaren zuzendaritzak hainbat ekimen oso original eta berritzaile antolatu ditu. Ekimen horien helburua berrikuntzaren arloan “adibidearen bidez predikatzea” da. Hori dela-eta, txostengile eta parte-hartzaile atzerritarren egitarauan ‘Donostiako Alde Zaharrean poteatzeari buruzko ikastaroa” izeneko ikastaroa ere sartu dute.  MIK kudeaketa alorreko ikerketa zentroko zuzendariondokoak dioenez: “Donostiako tabernetara joango gara, eta ‘botearen’ funtzionamendua, barran nola eskatzen den eta abar irakatsiko diegu”.

Nazioarteko topaketan hainbat txostengile arituko dira, hauek dira nabarmenenak: Carlos Fernández Isoird, MIKeko (Mondragón Innovation and Knowledge) zuzendariondokoa eta nazioartean ezaguna erakunde-berrikuntza prozesuetan aplikatutako ahalmen dinamikoen teoriaren sustatzaile bat izateagatik; eta Geoff Mulgan, Tony Blair Britainia Handiko lehen ministro ohiaren bulego estrategikoko zuzendari izandakoa, Young Foundation gizarte berrikuntza zentroko zuzendaria eta Londresko University Collage-ko irakasle bisitaria.

Hainbat herrialdetako ehundik gora ikasle partaide

Halaber, beste hauek ere arituko dira: Gabriel Kasper, San Franciscoko The Monitor Institute institutukoa, eta nazioartean ezaguna berrikuntzaren eta gizartearen joeren preskriptorea izateagatik; Diego Vasconcelos, Berrikuntza eta Informazioaren Teknologiak Alorretarako Portugaleko Errepublikaren presidentearen aholkularia; eta Josephine Green, berrikuntzaren lider garrantzitsua, eta Philips enpresako Joerak eta Estrategiak saileko zuzendaria.

Topaketan hainbat herrialdetako ehundik gora pertsonek hartuko dute parte, tartean Txina, Korea, Australia, Portugal, Brasil, Estatu Batuak, Kanada eta Danimarkakoak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia