euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aste honetan ari da Boisen, Estatu Batuetako euskara irakasleak prestatzeko 2014ko udako barnetegia

2014/06/04

Boiseko 2012ko barnetegian parte hartu zuten irakasleak eta arduradunak, Boise State University-ko kanpusean (argazkia HABE)
Boiseko 2012ko barnetegian parte hartu zuten irakasleak eta arduradunak, Boise State University-ko kanpusean (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

Astelehenean hasi zuten Boisen (Idaho, AEB), euskara irakasleak prestatzeko aurtengo udako barnetegia. “Ameriketako euskaldunak beren komunitateetan euskara eskolak eman ahal izateko prestatzea” du helburu barnetegiak, Aitor Inarra NABOko euskara arduradunak EuskalKultura.com-i esan dionez. Gogoratu, Aitor Inarrak eta Itxaso Cayerok, hainbat urtez Izaskun Kortazarrek egindako lanaren lekukoa hartu zutela joan den urtarrilean. Barnetegia, igandean, hilaren zortzian, bukatuko da.

Boise, Estatu Batuak. Barnetegiko partaideak sei orduz arituko dira egunean, euskara hutsez, ahozko ariketak egiten eta ahozkotasuna lantzen. Goizeko 9etatik eguerdira bitartean, HABEko teknikaria den Kinku Zinzunegi ibiliko da klaseak ematen. Arratsaldez, ostera, Inarra bera arituko da irakasle, 13:30etatik 16:30era.

Euskara irakasle izateko programan ari diren ikasle gehienak Boisekoak badira ere, Coloradoko, Kaliforniako eta Wyomingo zenbait ere badaude eskolak hartzen. Pozik agertu da Inarra eskolak nola doazen ikusita, “euskara maila altua” baitute ikasleek, azaldu du.

Lau urte biltzen dituen plan baten barnean ari da lanean egunotan Boisen lanean ari den ikasle/irakasle taldea. Urtean zehar ikastaroa internet bidez egiten dute eta urtean pare bat aldiz guztiak elkartu eta barnetegira biltzen dira. Orain arte barnetegiak Boisen gin izan badira ere, ez da batere baztertzen datozen aldietan Estatu Batuetako beste leku batzuetan egitea.

Urtean zehar, egunean bi-hiru orduz ikasten dute bakoitza bere etxetik eta, astean behin, Lazkaon (Gipuzkoa) dagoen Maizpide euskaltegiko irakasle batekin dute tutoretza, hori baita Eusko Jaurlaritzak programa honetarako kontratatu zuen eskola.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia