Buenos Aires, Argentina. Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzak HABE eta FEVAren laguntzarekin prestatutako erakusketa joan den astelehenean inauguratu zen Buenos Airesko Liburutegi Nazionalean eta abenduaren 3ra arte luzatuko den programaren baitan kokatzen da.
Liburutegi Nazionaleko zuzendari Horacio Gonzalez-ek izan zuen zeremoniari hasiera emateko ardura. Bere hitzetan jardunbide handiko irakasleak Argentinako literaturan euskal jatorrizko idazleek izan duten partaidetza eta eragina aipatu zituen. “Izan ere euskal jatorriko idazle batek idatzi zuen Argentinako lehenengo ipuina den ‘El matadero’; horregatik esan dezakegu Esteban Echeverria literatura argentinarreko fundatzaileetako bat izan zela”, baitetsi zuen.
“Beste alde batetik, beste idazle euskal deituradun bat ere datorkit burura, Arturo Jauretche. Polemiko samarra jende askorentzat, bera ere mugimendu baten sortzaile izan zen. Eta nahiz eta bakoitza elkarren kontrako ereduen alde egon –gogora dezagun Echeverria mugimendu liberal-erromantikoaren ordezkari zela; Jauretche, ordea, mugimendu nazional eta herrikoiarena– amankomuneko ezaugarri bat ere izan zuten euskal jatorriko bi idazle hauek. Biek uste zuten gizartearen aldaketa gazteen esku etorri behar zela”.
Horacio Gonzalezen ondoren,Hugo Andiazabalek eta Sara Pagola mintzatu ziren eta goraipatu zuten Argentinako euskara ikasle eta irakasleen lana. Bertaratutakoei euren presentzia eskertu zieten, eta bildutako erakunde-ordezkarien artean aipa ditzakegu Euskal Echea institutua, Ekin Argitaletxea, Euskal Argentinar Merkataritza Ganbera, Euskaltzaleak euskaltegia eta Chivilcoyko eta Jose C. Pazeko euskal etxeetako ordezkariak.
Zeremoniari amaiera emateko, euskarari buruzko bideo bat proiektatu zen eta horren ostean panelez panel ikusi zuten bildutakoek erakusketa, Sara Pagolaren gidapean. ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa azaroaren 9ra arte egongo da ikusgai, goizeko 9etatik gaueko 9etara, Liburutegi Nazionaleko ‘Juan L. Ortiz’ aretoan, Agüero kaleko 2502. zenbakian.
Gogora ditzagun Argentinan Euskaraz programaren 25. urteurrena ospatzeko egitarauko datozen proposamenak:
-Azaroaren 27an, ostirala, 18etan: Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikaren “Euskarak azken 30 urteotan izan duen bilakaera soziala: kasu paradigmatikoa” izenburuko hitzaldia. Magdalena Mignabururen Euskara Argentinan, nortasuna eta sentimendua liburuaren aurkezpena. Euskal Echea eskolak Buenos Aires hiriburuko Hizkuntzen Astean aurkeztutako erakusketa. Lekua: Euskal Echea eskolako Areto Nagusia. Chile kaleko 2032. zenbakian.
-Azaroaren 28an, larunbata, 12etatik 17etara: Jaialdia Euskaltzaleak euskaltegiaren aurrean. Txupinazoa, trikitixa, jolasak, sukaldaritza txosnak. ‘Eusketxak’ lehiaketako bideoen proiekzioa eta sari-emanaldia. Logo-lehiaketaren sari-ematea. 25. urtebetetzeko tarta. Lekua: Euskaltzaleak, Bernardo de Irigoyen 826an.
-Abenduaren 3an, osteguna, 18etatik 20etara: Bisita gidatua ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketara Sara Pagola Euskadiko Ordezkariaren eskutik. “Ez egin negar nigatik, Argentina, zure hizkuntzan hitz egingo dut eta baita nirean ere” izenburuko mahai-ingurua. Immigranteen jatorrizko hizkuntzak mantentzeko esperientziak: greziera (Giorgios Diakakis), galesera, ukrainera eta euskara (Jose Fco. Zinkunegi). Moderatzailea: Pablo Ubierna. Lekua: Liburu eta Hizkuntza Museoa, Las Heras etorbideko 2555an.