Astelehenean emango dute ‘Elkarrekin-Together’ Boisen eta San Frantziskon; Argentinan, Euskal Astean estreinatuko da
2017/10/27
‘Elkarrekin-Together’ dokumentalaren afixa
PUBLIZITATEA
Irailean Donostiako Zinemaldian estreinatutako dokumentala datorren astelehenean iritsiko da Boise eta San Frantziskora, AEBetan, bertako euskal etxeetan egingo diren saioak medio. Argentinan, bestalde, azaroaren 11an eskainiko da, San Nicolasen, Gure Esku Dago mugimenduaren erreferente Angel Oiarbideren eskutik, 2017ko Euskal Aste Nazionaleko ‘Gizakiak, herriak, eskubideak’ bilerako parte, ondoren ibilbidea hasteko herrialde osoko hainbat euskal elkartetan, Zine Ibiltaria ekimena tarteko.
San Nicolas, Argentina. ‘Elkarrekin-Together’ dokumentala euskal arkeologo espedizio batek Estatu Batu ekialdeko Maineko irla batera egindako bidaia baten kronika da. Ehun minututan euskal baleazaleen eta bertako indigenen arteko harremanak nolakoak izan ziren kontatzen du ikus-entzunekoak, helburu jakin batekin: topatzen badute beste mundu bat –elkarbizitzarena, ez zapaltzearena– posible IZAN ZELA, beste mundu bat posible DELA frogatuko dute.
Albaolako presidente Xabier Agote dokumentaleko protagonista eta Miguel Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoa zuzendari, filma Donostiako aurtengo Zinemaldian estreinatu zen irailaren 26an eta harrera beroa lortu zuen. Orain euskal diasporan aurkezteko unea iritsi da eta datorren astelehenean, urriaren 30ean, Estatu Batuetako Boisen (Idaho) eta San Frantziskon (Kalifornia) estreinatuko da, bi hiriotako euskal komunitateen eskutik. Boisen, bertako Euskal Etxean emango da, eta San Frantziskon, Gure Euskal Etxea edo Basque Cultural Center erakundean.
Latinamerikan, berriz, nahiago izan da 2017ko Euskal Argentinar Aste Nazionalera arte itxaron eta estreinaldia, beraz, San Nicolasen izango da, azaroaren 11an, larunbata, Argentinako euskal diasporaren jaialdi handieneko egun nagusian. Proiekzioa Udal Auditoriumean egingo da, 15etan, eta Angel Oiarbidek hartuko du proiektua aurkezteko ardura. Dokumentala aurkeztearekin batera ‘Gizakiak, herriak, eskubideak’ elkarretaratzean hartuko du parte Gure Esku Dagoko erreferenteak.
['Elkarrekin-Together’ dokumentalaren trailerra]
Diasporari begira
Espedizioaren berri emateaz gain, dokumentalak argi islatzen du, azpimarratzen dute bere egileek, euskaldunen sakabanaketa historian eta munduan zehar. Angel Oiarbideren esanetan, “euskal diaspora, Euskal Herritik kanpo dugun enbaxadarik handiena da. Euskal sustraiak dituzten milioika pertsonek osatzen duten komunitate aktibo honetako kideek harro daukate gogoan euren jatorria eta harro daude euren abizenez, jende langile, zintzo eta aurrerakoien erakusle. Mendetako euskal itsas historiak, Diaspora mundu osora zabaltzera eraman du. Eta orain guri dagokigu, Euskal Herritik, kanpora begira jarri eta zubiak eraikitzea. Elkartzeko eta topatzeko bokazio horrek ematen dio izena proiektuari berari”.
‘Elkarrekin-Together’ Argentinan ibiltari
San Nicolasen estreinatu ondoren, Buenos Airesen ikusi ahal izango da filma, azaroaren 14an Euskaltzaleak-en (Bernardo de Irigoyen 826), arratsaldeko 7etan. Beste bi emanaldi ere ari da antolatzen Oiarbide, bata La Platan eta bestea Montevideon (Uruguain), hauen xehetasunak baieztatzeke. Baina hau guztia dokumentalaren ibilbidearen hasiera baino ez da izango, Carlos Gabilondok bere gain hartu baitu dokumentala Argentina osoan zabaltzeko ardura, Euskal Zine Ibiltariaren programazio barruan.
Proiektuari eta dokumentalari buruzko informazio gehiago Together.eus-en.