euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

John Bieter 'Euskal migrazioa Ameriketako Mendebaldean' gaiaz aritu zen Boiseko Euskal Museoan

2011/04/22

John Bieter Boiseko Euskal Museoan emandako hitzaldian
John Bieter Boiseko Euskal Museoan emandako hitzaldian

PUBLIZITATEA

Hitzaldia eskaini zuen joan den astelehenean Boiseko Euskal Museoan John Bieter historialari eta 'Boise State University'ko Historia Saileko kideak 'Euskal migrazioa Ameriketako Mendebaldean' gaitzat harturik. Hirurogei bat pertsonak hartu zuen parte saioan, gehienak euskal komunitateko kideak, giro hurbilean eta hamaika irudiz hornitutako emanaldian. Joan den otsailean Buenos Airesko euskal ikastaro batean irakasle ibilitako Bieter-ek euskaldunen emigrazioaren ezaugarri orokorrak eman zituen, euskaldunek munduan euren pausoak nora bideratu zituzten aipatuz.

Boise, Estatu Batuak. Hirurogei bat pertsona bildu zituen joan den astelehenean John Bieter historialariak euskaldunen migrazioari buruz Boiseko Euskal Museoan emandako hitzaldira. Euskal Museoak berak antolatu zuen kultur zabalkunde ekintza, publikoarentzat irekia. Giro hurbila eta gertutasuna lortzearren, aulkiak hiru lerrotan eta proiektagailu handia inguratuz paratu ziren, mahai baten gainean galletak eta kafea ipiniz eta guzti. Entzule gehienak euskal komunitateko kideak ziren eta eurekin batera baita BSUko Erradiologia ikasle talde bat ere.

Hitzaldiak familia eta lagun arteko bilera baten tankera ere hartu zuen momentu batzuetan, argazkietan ekitaldi eta jende ezagunak agertzerakoan, edota Boise eta inguruko euskal komunitatean esanguratsuak izan diren pertsonaiak. Hala nola, bertan entzule gisa zegoen Dave Lachiondo, BSUko Euskal Ikasketen jarduneko zuzendaria eta Boiseko Bishop Kelly Institutuko arduradun ohia, Euskal Etxea inauguratu zuteneko argazki batean gazte-gazterik agertu zenean. Bere amuma zena ere agertu zen Boiseko beste hainbat euskaldun ezagunekin batera.

John Bieterrek euskal emigrazioaren irudi orokorra azaldu zuen. Euskaldunek zer herrialdetara jo zuten eta zeintzuk izan ziren haien helburuak. Etorkinen belaunaldiez ere aritu zen. Entzuleei orainaz ahazteko eskatu zien eta euren burua lehengo euskaldunen lekuan jartzeko. Bere esanetan, gaur egungo ikuspuntuak orainaldiak kutsatuta daude eta zaila da honela lehenengo euskaldunen lekuan jartzea. Lehenengo belaunaldiko etorkinak ez baitziren kulturaz eta euskalduntasunaren geroaz arduratzen, bizirauteaz baino. Bigarren belaunaldia, aldiz, jo ta ke saiatu zen Ameriketako bizimoduan integratzen, amerikar gisa bizitzen eta ingurukoak bezain amerikar izaten; hori lortu nahian, gurasoen ohiturak eta hizkuntza baztertu zituzten. Azkenik, hirugarren belaunaldia kultura eta hizkuntza berreskuratzen ahalegindu da sustraiak ez galtzeko asmoz. 

Hitzaldia, haurra zenean Oñatin (Gipuzkoa) bere familia osoarekin eman zuen denborari buruz hitz egiten bukatu zuen Bieterek. Ondoren, entzuleen galderak erantzun zituen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia