San Frantzisko, AEB. Lehenik Hego Kaliforniako Bakersfield. Bertako Kern County Basque Club-ek asteburu honetan ospatuko du urteroko bere piknik eta euskal festa, eta bertako programak beti baitaratzen ditu pilota eta pilotariak, gehienetan Euskal Herritik ekarriak, bertakoekin batera. Aurtengoan, momentuko izen gazte azkarrenetako batzuk jokalari arituko dira Gure Ametsa-n (honela du izena Bakersfield-eko euskal kantxak), Hego Kaliforniako zaleen gozagarri.
Lau pilotariak Aspeko Markel Lizeaga (Hernani), Xabi Erostarbe (Urretxu), Andoni Ugalde (Oiartzun) and Iker Irribarria (Arama) izango dira eta asteburu honetan Bakersfield-en eta datorrenean San Frantziskon arituko dira, bertako euskal etxeetako pilota kantxetan. Irribarria txapeldunak espektazio berezia sortu du.
San Frantziskon, ekainaren 1erako da hitzordua, ostirala, eta hor ere pilota jai polita antolatuko da, pilotazaletasuna aipatu bi euskal etxeen bazkideen artean ez baita txantxetako gauza, urtero antolatzen dituzten pilota jaialdiek eta pilota gertakariek agerian uzten dutenez (ekainaren 1aren ondotik, ekainaren 3an, igandean, igandean, Petaluman, urteroko Euskal Piknika egingo dute San Frantziskoko euskaldunek).
San Frantziskoko Gure Euskal Etxean, Basque Cultural Center-eko kantxak ekainaren 1ean programatu ditu partidak, arratsaldeko 6etatik aurrera, zintzur bustitzea lehenik, 7etan afari arin bat eta ondoren pilota, 8:30etatik aurrera. Prezioa, 25 dolar, txartelak eta aipatu programa osoa barne. Txartelak pilota arduradun den Xabier Berruetaren bidez eros daitezke. Ez galtzeko aukera bertako pilotazaleentzat!
BAKERSFIELD
Hau da egitaraua asteburu honetan Bakersfield-eko Euskal Bestarako:
Larunbata, Maiatzaren 26n
-8:00etan Mus Txapelketako izen-ematea
-8:30etan Mus Txapelketa (jokalari bakoitzeko pagatu beharreko $35ek bazkaria barne dute)
Lehenengo saria, $500
Bigarren saria, $250
-11:30/12:00 Gizonezkoen gomazko pilota
-13:00etan Gazteak Paleta
-12:00/13:30etan Bazkaria, helduek $20; haurrek $15
-13:30etan Emakumeen Gomazko Paleta
-14:00etan, Haurren pilota
-14:45etan, Emakumeen Paleta Argentinarra
-15;00etan, Chino vs San Frantzisko esku huska gizonak
-17:00etan, Esku huska, Euskaditik etorritako Aspeko pilotari profesionalak
Egunean zehar Nafarroatik etorritako Iñaki Reta eta Marta Perugaren musikak bazterrak alaituko ditu. Partiden ondoren, antolatzaileek Bakersfield-eko euskal jatetxeak bisitatzea gomendatzen dute, eta aukera baliatzen dute eskerrak emateko Euskal Etxeari ematen dioten sostenguarengatik. Mila esker berezi bat Woolgrowers, Benji’s eta Noriega jatetxeei
Bestalde, 20:30etan Noriega Hotelean, Euskal Bestaren hastapen dantza eta erromeria, Amerikanuak talderen musikarekin (Jean Flesher's Band).
Igandea, maiatzaren 17an
-8:00etan Euskal Etxeko parkea zabalduko da
-10:00etan Meza, meza-emale Monsignor Craig Harrison, laguntzaile KCBC Klika eta Abesbatza
-12:00-14:00etan, Bazkaria Barbakoa, ardikia, helduek $25; 12 urte arteko haurrek $20
-14:30etan, KCBCko dantzarien eta Klikaren emanaldia
-16:30etan, Lukainka sandwichak eta xingar egosi eta gasna sandwichak – $8
12:00etatik 20:30ak arte, Nafarroatik etorritako Iñaki Reta eta Marta Perugaren musikak bazterrak alaituko ditu
-17:00etan Pilota partidak, Euskaditik etorritako Aspeko lau pilotari gazteekin
-19:30etan, Dantzaldia Amerikanuak bandarekin (Jean Flesher's Band)
-20:30etan, Zozketa $5 xartel bakoitzeko edo 5 txartel $20
Lehenengo saria $1000 dirutan
Bigarren saria $500 dirutan
Hirugarren saria $250 dirutan
Astelehena, Maiatzaren 28an (jai eguna AEBetan)
Ez galdu Woolgrowers euskal jatetxeak zerbitzatzen duen gosari/hamaiketako/bazkaria, euskal giroan, musika, dantza, traguak...