euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asteburu trinkoa gaurtik aurrera Montevideon, euskal partaidetza aktiboz Ondarearen Eguneko ekitaldietan

2016/09/30

Eusko Indarra taldeko kideak 111. Abeltzaintza eta Nekazaritza Nazioarteko Erakusketan
Eusko Indarra taldeko kideak 111. Abeltzaintza eta Nekazaritza Nazioarteko Erakusketan

PUBLIZITATEA

Mugimendu handiko asteburua izango dute honakoa uruguaitar hiriburuko Haize Hegoa Euskal Etxeko lagunek. Gaur bertan “Genealogia eta Euskal Herria” izenburuko hitzaldia eskainiko du erakundeak, Garikoitzeko San Migel Parrokian. Bihar eta etzi, berriz, ‘Ondarearen Eguna’ dela eta Montevideon garatuko den programa barruan dantzatuko du hiriko Eusko Indarra taldeak.

Montevideo, Uruguai. Bi gonbite luzatzen ditu Haize Hegoa Euskal Etxeak asteburu honetarako. Gaur bertan, “Genealogia eta Euskal Herria” hitzaldia emango du Juan Carlos Luzuriagak, erakundearen Kultur Zikloaren baitan. Hitzordua Garikoitzeko San Migel Parrokian izango da, Julio Herrera y Obes kaleko 1431. zenbakian, iluntzeko 7etan.

Larunbat eta igandean, berriz, aurten ‘Heziketa publikoa – Ondare Nazionala’ lelopean egingo den ‘Ondarearen Egunean’ ere hartuko du parte euskal etxeak, instituzioko Eusko Indarra Dantza Taldearen eskutik. Dantzariek MUMI Migrazioen Museoan (larunbatean, 15:20etan) eta Cutcsa-n (igandean, 12:30etan) eskainiko dituzte euren piezak. Euskal Etxetik azaltzen digutenez, “Ondarearen Eguna ospatzeko, bi egun hauetan, hiriko gobernu eraikuntzak, museoak, elizak, eta historia edota arkitekturagatik garrantzia duten etxeak doainik irekiko zaizkio publioari".

Eusko Indarra ‘Expo Prado’ erakusketan

Gonbite hauekin batera, berri bat ere badakargute Eusko Indarrakoek. euskal dantza talde montevideotarra irailaren 7tik 18ra hirian egin zen 111. Abeltzaintza eta Nekazaritza Nazioarteko Erakustaldian partaide izan baitzen. Esparru horietan gertatzen diren garapen teknologiak erakusteko helburua duen erakusketa honek etorkinen omenezko ikuskizun bat ere taularatu baitu aurten.

‘Llegando a Uruguay (Uruguaira iristen)’ izeneko ikuskizun artistikoak kolektibitate askotako dantza taldeak bildu zituen, tartean euskaldunak, Eusko Indarrako partaideak medio. “Erakustaldiaren aurtengo gaia 'etorkinak eta gure herrialdearen sortzaileak' izan da. Emanaldian Uruguaira iritsi ziren etorkinen batasuna irudikatu da; eta horrekin batera, immigrante horiek nola lortu zuten gaur egun bere nortasun propioa duen herrialde hau sortzea”, azaldu diote euskal partaideek EuskalKultura.com-i.

Ikuskizunari amaiera emateko, Rio de la Platako ‘Pericon’ dantza tradizionala dantzatu zuten partaide guztiek.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia