euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asteburu oso bat euskara hutsean Valentziako Sinarques-en: bigarren barnetegiaren balantze positiboa oso

2023/05/18

Barnetegiko partaideak eta antolatzaileak barnetegiko egoitza izan ziren Sinarcas/Sinarques-ko Las Viñuelas etxolen aurrean
Barnetegiko partaideak eta antolatzaileak barnetegiko egoitza izan ziren Sinarcas/Sinarques-ko Las Viñuelas etxolen aurrean

PUBLIZITATEA

Valentzia, Espainia. Joan den asteburuan Valentziako Erkidegoan antolatutako bigarren barnetegia egin zuten Sinarcas/Sinarques herrian. Ostiraletik igandera arte, Las Viñuelas etxoletara joan ziren, euskara praktikatzera, mintza-praktika egitera egun osoan, klaseetan eta eskoletatik kanpo ere euskaran murgilduz. Eta lortu dute, gainera lagunarteko giroa sortuz eta oso ondo pasatuz, baieztatu diote EuskalKultura.eus-i bertan egondakoek.

14 ikaslek hartu dute parte: horietako 2 Castellaoko Hizkuntza Eskola Ofizialekoak (HEO), 3 Alacanteko HEOkoak, beste 2 Valentziako Euskal Etxekoak eta 7 Valentziako HEOkoak. Euskara maila desberdinekin, A1, A2, B1.1 eta B1.2, taldetan banatu dira eskola uneetarako, 3 irakasle partaide: Garikoitz Knörr, Izaskun Kortazar eta Leire García. Eskoletatik kanpo, txango batzuk egin dituzte, upategi batera eta Irin Museora hain zuzen ere, baita jarduera ludikoak eta naturan ere, eguraldi ona baliatuz.


Helburua ipini eta bete: Ikasleak eta irakasleak, klase barruan eta klasetik kanpo, euskara hutsean komunikatu dira.

Ikasleek egindako ebaluazioan, balantzea oso positiboa izan da: oso pozik ibili dira, bai lekuarekin, bai denbora ongi baliatze aldetik, bai egindako txangoekin. Irakasleak, pozik agertu dira baita ere baita ere bizitako esperientziarekin. Izasku Kortazarrek hau azpimarratu du: "Ikasleen gogoa, interesa eta egiten duten ahalegina itzelak dira, erabat kontzientziatuta etorri dira barnetegira, eta hasieratik amaierara arte euskara hutsean aritzea lortu dute".

Igandean etxera itzuli ziren, "helburuak beteta". Ondoko pausoez galdetuta, Kortazarrek adierazten du, emaitza bikainak ikusita, hurrengo ikasturtean bi barnetegi egitea pentsatzen ari direla: bat ikasturte hasieran eta bestea amaieran, ikasle gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten.

Zorionak parte-hartzaile zein antolatzaileei!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia