San Frantzisko, AEB. Sagardotegi batekin afari gisa hasiko da larunbat honetan San Frantziskoko Gure Euskal Etxeak bere 'Udako Besta'. Ekitaldiak, ordea, larunbatean, arratsaldez hasiko dira, pilota saioekin bertako frontoian, erakustaldiak eginez jai-alai, goma paleta eta esku pilotarenak, hurrenez hurren 15, 16 eta 17etan. Ordu horietan baita ere, euskal genealogia, euskal emigrazioa gutunen bidez, eta Piconland filma hizpide hartu edo eskainiko dira. 18etan aperitifari lekua egin eta 19etan sagardotegiari ekin aurretik.
Igandean, berriz, eguna goizeko 10etan mezan parte hartzeko aukera emanez hasiko da egitaraua. Online ere jarraitu ahal izango da, aita Iturbe emaile. Ohi bezala, mezan partaide izango dira bertako Elgarrekin abesbatza, Zazpiak Bat dantza taldea, Klika eta bertsoak. 12etan aperitifaren txanda izango da, eta ordu batean bazkariaren txanda, Barbakoa motakoa, ardikiez. Eta bazkalosten, euskal bizkotxa edo gateau basque lehiaketa garaia etorriko da. Ikus programa edo eros zure txartelak hemen.
Udako Bestan: euskal sagardotegi afaria, pilota, aurkezpenak genealogia eta euskal migranteen korrespondentziaz, 'Picoland' filma, meza, euskal pastiza txapelketa...
Gogora dezagun sagardoa, Estatu Batuetan, Oregonen, euskal estiloan egindako "Son of the man" izenekoa izango dela. Aperitifaren eta afaltzeko garaian dastatu ahal izango da. Pilota partida eta erakustaldiei dagokienez, San Frantzisko bertako pilotarien eskutik gauzatuko dira. Genealogiari buruzko saioa —BEO Basque Educational Organization-ek antolatua—Jean Max Fawzi euskal-amerikar gazteak gidatuko du, hasiberrientzat, "Basque Genealogy for Dummies" izenburupean planteatua.
Hitzaldia euskal migrazioaz gutunen bidez, Argitxu Camus-Etchecopar ikerlari xiberotarsak emango du "Exploring Basque Migration Through Letters" izenpean eta, izenak dioen bezala, euskal migrazioa hartuko du solasgai, horretarako euskal migranteen eta Euskal Herriko euren familien arteko korrespondentzia pribatua aztertu duela. "Piconland" film laburrak bere zuzendari Mark Maynard izango du aurkezle eta Far Westeko euskal jatorriko edari tipikoarekin barneratuko da Nevadan. Hau ere BEO antolatzaile.
Azkenik, euskal bizkotxa, pastiza edo pastel lehiaketari dagokionez, errezeta eta estilo guztiak onartuko ditu partaide. Nornahi har dezake parte. Abuztuaren 27an, goizeko 9etatik 9:30etara utzi beharko dira bizkotxak Gure Euskal Etxeko areto nagusiko oholtzan. Argibide gehiagotarako begiratu hemen edo idatzi Valerie Arrecheari etcharren@msn.com helbidera edo deitu 1-415-859-1154 zenbakira.
Musikariak, Kalifornia bereko Manuela eta Jean Pierre Etchechuryren banda izango dira, Fresnotik etorriak.
Eta Coloradon, bertako Urteroko Euskal Besta
Datorren asteburu honetan ere, larunbatez, Coloradoko Euskal Etxeak bere Urteroko Euskal Piknik Besta egingo du, goizeko 11etan hasita Northglenn Coloradoko "EB Rains JR Memorial Park"en, bertako Ponderosa Pabilioian. Euskal janari eta edaria, musika, dantza, kantua eta mus partidak izango dira hain segur, haurrentzako joko eta jolasak eta bazkaltzeko, usadioaren arabera, bildoskia. Mus partidak goiztiarrak izango dira, emaitzei begira bederen, txapeldunak Coloradoko Euskal Etxearen ordezkari izango baitira NABOko 2024ko Txapelketa Nazionalean.