Donostia-San Sebastian. Datak aurrera doaz eta Gaztemundu 2019 ate joka ari da. Izan ere, asteburu honetan hasiko dira heltzen Euskal Herrira aurtengo 15 partaideak, igandean elkarrekin bildu eta astelehenean aurtengo edizioko saioei ekiteko. Gogora dezagun aurten Mundu-Batzar urtea dela eta, beraz, euskal etxeetako gazteek landuko duten gaia "Euskal etxeen kudeaketa" izango dela, irailaren 23tik 27ra, ondoren irteera batzuk egin eta urriaren 1etik aurrera Kanpoko Euskal Gizataldeen VII. Mundu-Batzarrarekin bat egiteko.
2019ko Gaztemunduk finkatu dituen helburuak edo landuko dituen gaiak zazpi dira: Euskal Gizataldeak profesionalizatu eta lideratu; Euskal Gizataldeak lideratu; Euren ekimenak erakargarriak egin; Euskal Etxeak kanpoari zabaldu; euskal etxeen arteko sinergiak; ekimen hauek ekintza programa bihurtu; lau urtetan ezarri eta betetzen dela ziurtatu.
Mundu-Batzarra bezala, Gaztemundu Bilbon egingo da. Lan-saioekin batera irteerak ere tartekatuko dira, hala nola Bilboko Kafe-Antzokira, Zorrotzaurre-ra (ZAWP, Zorrotzaurre Art Work in Progress) eta asteburuan egun osoko beste batzuk, konparazio Bilbotik Nafarroa eta Iparraldera; Arabar Errioxara; eta Zumaia eta Donostiara.
EuskalKultura.eus-ek eman zuen aurreko artikulu batean partaideen berri, izenak, euren euskal etxe, herri eta herrialdeak aipatuta. Hemen topa ditzakezu. Gutxi aldatu da geroztik: Kolonbiatik, Gure Mendietakoak Euskal Etxetik zetorrenak huts egin du, lan-arazoak medio, eta bere ordez, ordezkoetako bat etorriko da, Argentinako Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxetik.