euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datorren asteburuan hasiko dituzte Argentinako euskal etxeek 2013ko Euskararen Eguneko ospakizunak

2013/11/28

Bahia Blancako ikasleen aurtengo Euskararen Eguneko diseinua
Bahia Blancako ikasleen aurtengo Euskararen Eguneko diseinua

PUBLIZITATEA

Urteko azken hilabetean sartzeko egun batzuk baino ez dira geratzen eta munduan barreiatutako euskal etxe ugarik San Frantzisko Xabier egunarekin batera Euskal Herrian eta Diaspora osoan abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguneko (ENE) programak helarazi dizkigute. Argentinan, uda atarian, ikasturte amaierako festekin bat eginik ospatu ohi dute erakunde batzuetan. Hainbat euskal etxetan datoreen asteburura aurreratu dituzte ekitaldiak. Hona ospakizun euskal-argentinar horietako batzuk.

Buenos Aires, Argentina. Abendua ate joka dator eta Argentinako euskaltzaleak prest daude dagoeneko Euskararen Eguna ospatzeko. Izan ere, kari edo estakuru horretara urte osoko lanaren erakusgarri diren ekitaldi eta ospakizunak antolatu dituzte aurten ere euskal etxeetako ikasle eta irakasleek. Aktibitate eta proposamen horiekin, euskara aipagaia baino gehiago izan daitekeela nabarmendu nahi dute bereziki Euskaren Egunean, euskaraz hitz eta barre eginez, jolastuz, lagun arteko bilgarri erabiliz eta, ororen buru, euskararekin bizia hartuz. 

HABEk eta FEVAk elkarrekin kudeatzen dituzten programei esker, euskarak Argentinako euskal etxe asko bustitzen ditu Argentinan eta munduan, Argentina, izan ere, aitzindari; tartean honakoak.

Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat

-ABENDUAREN 3an, ASTEARTEA: ‘Sukalde Kontuak’ pelikula emango da. Proiekzioa hasi aurretik, euskarari buruzko sarrera bat egingo da. Filmaren ondoren, euskara ikasleak, batzordeko kideak eta oro har instituzioko lagunak bilduko dira afaltzera. Euskara talde aurreratuak afixak prestatuko ditu. Oinarrizko taldeak, berriz, mahai gainean erabiltzen diren tresnak euskaratuko dituzte, baita janaria eskatzeko esaldiak ere, bertan praktika daitezen.

-Arrecifesko Euskaldunak Danak Bat Euskal Etxeak sustatzen duen Palabra de Vasco (Euskaldunaren Hitza) irratsaioan lehiaketa bat antolatu da: "Zein da gehien gustatzen zaizun euskarazko abestia? Zergatik?”

-ABENDUAREN 4an, ASTEAZKENA: Niki bat eta Maral-en Herriz Herri CDa zozketatuko dira Palabra de Vasco irratsaioan.

Bahia Blancako Union Vasca

-AZAROAREN 30ean, LARUNBATA: ‘Egun bat Euskaraz-Un día en euskera’ programa biziko dute bahiatarrek. Euskarazko aerobic saio batekin hasiko da, egunari sasoinean ekiteko. Behin martxan jarrita lagunak taldeka banatuko dira lehiaketak egin ahal izateko. Euskara maila ezberdinetako ikasleak nahastuko dira elkarri laguntzeko. Jokuak ikasle eta irakasleek asmatuak dira: Zarata bakoitzari bere hitza (onomatopeiak); Joan-etorrian (palindromoak); Mingain gainean harriak (aho korapiloak); Urtean zehar (datak eta jaiak ikasteko). Bazkaltzeko orduan, txikiak arduratuko dira jana zerbitzatzeaz, euskaraz beti. Bazkalondoan mus txapelketa, kantak eta karaokea, dantzak, pandero-jokoa, danborrada eta bukatzeko labirinto orokorra: "Euskal Herriko festagileak". Arratsaldean bideo bat proiektatuko da eta afa orduan agiriak banatuko zaizkie ikasleei. Afarian ere, Euskararen Egunari buruz hitz egingo da eta "Argentinako ezizenak euskaraz"  liburuxka aurkeztuko da.

Buenos Airesko Euskaltzaleak

-ABENDUAREN 7an, LARUNBATA: 21:30etan, Euskararen Eguneko Jaia Kataluniar Etxeko areto nagusian, Chacabuco kaleko 863.ean. Festaren baitan, Euskaltzaleak-eko abesbatzak emanaldia eskainiko du. Ondoren, euskara talde guztiek aktibitate bana egingo dute, tartean esketxak, abestiak eta jolasak. Pandero eta dantza tailerreko lagunak ere aurkeztuko dira. Txartelak 100 peso balio ditu eta erreserbak euskaltzaleak@yahoo.com.ar helbidean behar dira egin, abenduaren 6a arte.

Cordobako Gerora

Abenduaren 1etik 6ra burutuko da Cordobako IV. Euskararen Astea

-ABENDUAREN 1an, IGANDEA: Umeentzako Kultur Eguna, dantza, arte plastiko, musika eta jolasekin. Ekintzak Rivadavia Plazan egingo dira, arratsaldeko 5etan, Txotx!-eko dantzariak eta Baietz taldeko musikariak arduradun.

-ABENDUAREN 2an, ASTELEHENA: Olerki Eguna. Cordobako Unibertsitateko (UNC) Hizkuntza Fakultateko ikasleek euren agiriak jasoko dituzte Unibertsitateko B Auditorioan, Vélez  Sarsfield kaleko 187. zenbakian, iluntzeko 7etan.

-ABENDUAREN 3an, ASTEARTEA: Zirt Zart! Euskal musika eta dantzak Cordobako kaleetan, Baietz eta Txotx taldeak lagun eta partaide. Ekintza arratsaldeko 7etan hasiko da, hiriko kabildoan.
Liburu askatzea: Euskararen Nazioarteko Egun berean, Liburu Askatze bat egingo da hiriko 24 plaza ezberdinetan. Enparantza bakoitzean Euskara ikasleek egindako liburu bat eskainiko zaio jendeari.

-ABENDUAREN 4ean, ASTEAZKENA: Topaketa: Pintxoak eta musika. Euskaraz bizitzeko elkarretaratze bat. Lekua: Gerora-ren egoitzan, Uspallata kaleko 115ean, iluntzeko 7:15etan.

-ABENDUAREN 5ean, OSTEGUNA: Hizkuntz Gutxituengotu eta Gutxiarazitakoen topaketa. Laugarren topaketa honetan, piemontear, ladino, yiddish, katalana eta euskara hizkuntzak hartuko dira mintzagai. Lekua: Unibertsitateko B Auditorioan, Vélez  Sarsfield kaleko 187. zenbakian, iluntzeko 7etan.

-ABENDUAREN 6ean, OSTIRALA: Kontzertu Didaktikoa Baietz eta Txotx! taldeetako kideekin. Lekua: Unibertsitateko B Auditorioan, Vélez  Sarsfield kaleko 187. zenbakian, iluntzeko 7etan.

Cordobako Gure Txokoa

-ABENDUAREN 3an, ASTEARTEA: Gaueko 8etan: ekintza nagusiak euskal etxeko euskara arloak prestatu eta bururuko ditu. Euskara ekintzekin batera, Cordobatarrak Dantza Taldeak herri dantzak prestatuko ditu jairako, esaterako polkak eta kontradantzak, batzuk aipatzearren. Afarian txistorra eta tortilla eskainiko dira.

Honi lotuta,Gure Txokoa euskal etxeko Cordobatarrak taldeko gazteek jakinarazten dute abenduaren 5a arte eskuragai egongo dela ‘Guk Euskaraz’ Albuma, bertako musika jaisteko aukerarekin, www.purevolume.com/Cordobatarrak webgunean.

General Rodriguezeko Eusko Aterpea

-ABENDUAREN 1ean, IGANDEA: Euskararen Nazioarteko Eguneko, ekitaldi berean Urte Amaierako bazkaria ospatuko delarik. Txartelak, 140 peso ($70 umeentzat). Menua errekia, entsalada, edariak eta postrea.

Mar del Platako Denak Bat

Artaburu Euskaltzale Elkarteak antolaturik, urtero legez Euskararen Astea egingo da, abenduaren 3tik 14ra arte.

-ABENDUAREN 3an, ASTEARTEA: ordu 1ean: Omenaldia eta lore eskaintza Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean, San Martin Plazan.

-ABENDUAREN 4ean, ASTEAZKENA: iluntzeko 8etan: Euskararen Nazioarteko Eguneko Pilota Txapelketa Denak Bat Euskal Etxeko “Teyu Cuaré” Pilotalekuan.

-ABENDUAREN 5ean, OSTEGUNA: arratsaldeko 8etan: Euskal Zinea: Kimuak saileko izenburuak, Denak Bat-eko Liburutegian.

-ABENDUAREN 6ean, OSTIRALA: iluntzeko 8etan: Ume eta nerabe tailerren (txotxongiloak) erakusketa euskal etxeko euskara ikasgelan. Gaueko 9etan, afaria bakoitzak etxetik ahal duena ekarririk. 2013 ikasturteko azken eguna. Ikasle, irakasle, guraso, familiarteko eta lagunak gonbidaturik.

-ABENDUAREN 14ean, LARUNBATA: gaueko 9etan: Euskararen Nazioarteko Eguneko Festa Nagusia. Pintxo dastaketa. ‘Euskara Denontzat’ aldizkariaren aurkezpena. Olentzeroren bisita. Denak Bat euskal etxearen areto nagusian.

Rosarioko Zazpirak Bat

-ABENDUAREN 3an, ASTEARTEA: iluntzeko 7etan: ‘Kutsidazu Bidea Ixabel’ pelikula proiektatuko da. Ondoren, afaria partekatuko dute.

(Segituko dugu datozen egunetan artikulu gehiago argitaratzen ENE edo Euskararen Nazioarteko Egunaz. Zure euskal etxean egin behar dituzuen ekitaldien abisua pasa nahi badiguzu, aski duzu info@euskalkultura.com helbidera igortzea)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia