euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asteburu honetan euskal arteak eta sorkuntzak Londresko Dalston auzoa hartuko du, BaskFest jaialdirekin

2016/05/31

BaskFest 2016ren kartela
BaskFest 2016ren kartela

PUBLIZITATEA

BaskFest 2016 Londresen bizi diren euskal artista talde batek antolatutako arte eta kultura erakustaldia da. Asteburu osoan zehar, sortzaile hauek eta Euskal Herritik etorritako beste zenbaitek euren lanak erakutsiko dituzte Dalston auzoan. Erakusketak, dantza, performance-ak zuzenean, marrazkia, musika, gastronomia, DJak... denetarik izango da, eta dena doan! Jarraian, egitarau osoa.

Londres, Ingalaterra. Ostiralean hasi eta igandea arte Londres ekialdeko auzo modernoenetako bat, Dalston, euskal kultura eta sorkuntzaren erakuslehio izango da, BaskFest 2016 jaialdiari esker. London Basque Diaspora taldeak antolatu du jaialdia, Donostia 2016ren sostenguarekin.

"Gure asmoa zera da, Euskal Herritik kanpo, kasu honetan Londresen, sortzen den euskal kultura eta artea erakustea. Artista hauek euren euskal nortasuna oso markatua dute, nahiz eta Euskal Herritik kanpo bizi", azaldu dio EuskalKultura.com-i Arantxa Echarte, jaialdiaren antolatzaileetako batek. Echarte 15 urte daramatza Londresen. 

Musika, performance-ak, argazkiak, DJak...

Jaialdiak euskal kulturan murgiltzeko aukera emango du, beti ere gaur egungo arte eta sorkuntzaren bitartez. Jaialdia disziplina asko bilduko dira: bideo instalazioak, dantza, performance-ak, argazkilaritza, gastronomía... Antolatzaileen esantean, euren helburua da elkarrizketa sustatzea "nortasuna, elkarbizitza eta ineternkonktibitateari buruz". 

Jaialdian parte hartu dute Londresen bizi diren euskal artistek, Euskal Herriko beste zenbait eta orokorrean euskal Diasporarekin harremana duten sortzaileek. Horietako batzuk dira, esaterako, Igor eta Moreno dantzariak; Isa Suarez, Iñigo Ugarteburu eta Felipe Ugarte musikariak; Arantxa Echarte eta Juanan Eguiguren artistak, eta beste asko.

"Made in Arzak" pintxoa

Horrekin batera, euskal gastronomia -Londresen gero eta ezagunagoa-- protagonista izango da ere jaialdian. "Jaialdira datozenei euskal pintxo bat dastatzeko aukera emango diegu. Pintxo hori Arzakek Londresen duen Ametsa jatetxeak diseinatutakoa da, eta horrekin batera zintzurra bustitzeko Argiñanoren KPilota txakolina emango dugu", azaldu du Echartek.

Festa ostiralean hasiko da, erakusketa eta performance sorta batekin. Larunbatera erakusketa egun guztian zehar izango da irekita, eta ilunabarrean musika emanaldiak hasiko dira (folk esperimentala eta elektro-pop), marrazki perfomance bat, 'Baskfest cuisine' dastaketa eta DJak goizaldea arte. Igandean txalaparta izango da protagonista: hasteko workshop bat egingo da eta ondoren bi dokumentaletan izango da ikusgai: ''Nomadak'', Raúl de la Fuenterena, eta ''Mugaritz'' , Juantxo Sardonena.

Egitarau osoa, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia