Mar del Plata, Argentina. Azken urteotan pandemia zela-eta birritan bertan behera utzi behar izan ondoren, datorren larunbat-igandean, ekainaren 25 eta 26an, berreskuratuko ditu Dantzari Ohiaren Jaiak Mar del Platako Euskal Etxeak. Aurten 32. edizioa egiten duen topaketara hirurehun bat dantzari ohi espero dira, urtero elkarretaratze honek lortzen duen belaunaldi arteko integrazio giro berezia nagusi —esaten dutenez “behin dantzari izan dena, bizitza osoan baita dantzari“— eta hori festa honen edizio guztietan egiaztatzen baita.
“Aurten, besteetan ez bezala, ez diegu etorriko diren dantza taldeei ofizialki eskatu ze dantza aurkeztuko duten, ezta ere nola egin behar duten, edo zein musikak lagunduta, asmoa bestelakoa delako. Hurbildu nahi dutenak, eta dantza egiteko gogoa dutenak ongi etorriak izango dira. Izan ere, bat-batekotasuna eta dantza koadroan euskal etxe ezberdinetako jendea batzea da politena”, esan dio EuskalKultura.eus-i Asier Iriberri Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko lehendakariak.
Besteak beste Chascomus, Necochea, Maipu, Tandil eta Buenos Aireseko lagunak bertaratuko dira eta Euskal Aste Nazionalen espiritua berpiztea, beste behin oholtzaratzea eta belaunaldi ezberdinetako dantzariak elkarrekin dantzan aritzea dauka ekitaldiak helburu. Programa bi egunekoa da: ekainak 25ean, larunbat gauean erromeria egingo dute eta 26an, igande eguerdian, euskal etxeko txokoan, bazkaria. Parte hartzeko ez da aldez aurretik bertaratze-baieztapenik bidali beharrik, beraz, oraindik astebururako planik ez baduzu, hona hemen primerako bat!