euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asteburu handia Chivilcoyko euskaldunentzat: egoitza berria ireki eta Arantzazuko Amaren irudia jargiratu zuten

2007/06/27

Beti Aurrerako dantzariek Ama Birjinaren irudiaren aurrean dantza egin zuten (argazkia Chivilcoy Blog)
Beti Aurrerako dantzariek Ama Birjinaren irudiaren aurrean dantza egin zuten (argazkia Chivilcoy Blog)

PUBLIZITATEA

Chivilcoyko euskal komunitateak egun zirraragarriak bizi berri ditu. Joan den larunbatean Beti Aurrera Euskal Etxearen egoitza inauguratu zuten. Ekitaldia jendetsua izan zen eta eraikinaren bedeinkapenarekin hasi zen. Ondoren egunaren oroigarri bat jarri zuten eta ohorezko ardo bat zerbitzatu zen egoitza berriarengatik topa egiteko. Igandean Arantzazuko Ama Birjinaren irudia jargiratu zuten, euskal etxean bertan. Eskertza meza eskaini zuten jarraian eta euskal dantza erakustaldi bat ondotik.
Urteetako ahalegin eta lanen ondoren, Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeko kideek joan den asteburuan inauguratu zuten azkenik euren egoitza propioa. Jose Letamendi elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kideak ireki zuen ekitaldia oraingo eta aurreko zuzendaritza batzordeko kideei euren lanarengatik eskerrak emanez. Jarraian argentinar eta euskal ereserkiak abestu zituzten bertaratutako lagunek eta Yamil Invernoz Beti Aurrerako dantzari eta gazteria arduradunak aurreskua dantzatu zuen.

Ondoren gaueko une hunkigarrienak heldu ziren. Hasteko, Chivilcoyko Intendente (alkate) Ariel Franetovichek eta Beti Aurrerako lehendakari Horacio Ugartemendiak plaka oroigarri bat desestali zuten, eta jarraian euskal etxea bedeinkatu zuen Luis Jauregi ondoko San Cayetano parrokiako apaizak. Bukatzeko, Ugartemendiak Euskal Etxea sortu zutenak ekarri zituen gogora, euren ametsetako bat, egoitza propioa izatea, azkenik egia bihurtu zen egunean.

Inguruko euskal etxeetako lagunak partaide

Inguruetako euskal etxeetako ordezkariak ere izan ziren ekitaldian, Chivilcoyko euskaldunekin egun zoriontsu hau ospatzeko. Bisitarien artean, Bragado, Laprida, Chacabuco eta Saladilloko euskal etxeetako ordezkariak. FEVAko ordezkariak ere bertaratu ziren: Carlos Sosa, Bahía Blancatik, eta Antonio José Caracoche, Suipachatik. Bertan egon ezin baina agurra bidali zuten euskaldunen artean, Josu Legarreta, Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria. [Ezkerreko irudian Carlos Sosa eta Antonio José Caracoche FEVAko ordezkariak oroigarria ematen Euskal Etxekoei (argazkia Chivilcoy Blog)]

Euskal etxeetako ordezkariez gain, Chivilcoyko elkarte eta agintari asko ere izan ziren inaugurazioan. Horien artean, Chivilcoyko Gobernuko Idazkaria, Walter Larrea, eta Kultura Zuzendaria, Rodolfo Amar. Gauari bukaera emateko ohorezko ardo bat eta pintxoak zerbitzatu zituzten, ekitaldian bildutako 400 bat lagunentzat. Jaia biribiltzeko, tarta handi bat ere eskaini zen dastagai, berezitasun batekin: Euskal Etxearen eraikinaren erreprodukzio bat zela. Jaia goizaldeko ordubatak arte luzatu zen, dantza taldearen erakustaldiarekin.

Arantzazuko Ama Birjinaren jargiratzea

[Arantzazuko Ama Birjinaren irudia Chivilcoyko Euskal Etxearen egoitzaren barnean jargiratua izan ondoren. Bertaratu ziren lagun askok Ama Birjina agurtu eta bedeinkapena eskatu zioten (argazkia ChivilcoyBlog)]

Igandean Arantzazuko Ama Birjinaren jargiratze edo tronuratzea egin zen. Ekitaldia arratsaldez egin zen eta Mabel Rubianik eman zion hasiera, Ama Birjinaren historia irakurri eta irudia Chivilcoyra nola heldu zen azalduz. Jarraian eskertza meza bat egin zuten eta bukatzeko askari bat zerbitzatu zen. Bezperan bezalaxe, erantzun ezin hobea lortu zen eta herriko lagun asko gerturatu ziren Euskal Etxera. Jaia gau partera arte luzatu zen, dantza taldearen eskutik.


Lotura interesgarriak

Chivilcoyko Euskal Etxearen bloga
www.centrovascochivilcoy.blogspot.com

Chivilcoyko euskaldunek egoitza inauguratuko dute
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 11an

Chivilcoyko euskaldunek Villa Mercedesen hartu zuten Ama Birjina
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 22an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia