euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Astebeteko ikastaroa bukatuta, Euskal Sustraiak-ek agur bazkaria eskaini zien Hegoamerikako euskara irakasleei

2011/08/02

2011ko Neguko Barnetegiko ikasle eta irakasleek Euskal Sustraiak euskal etxea bisitatu zuten euren Trenque Lauquengo egonaldian (argazkia EuskalKultura.com)
2011ko Neguko Barnetegiko ikasle eta irakasleek Euskal Sustraiak euskal etxea bisitatu zuten euren Trenque Lauquengo egonaldian (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Bukatu berria da Trenque Lauquen hirian Argentinan Euskaraz programako 2011ko Neguko Barnetegia. Aste osoan zehar, hogeita hamar bat ikasle/irakaslek euren euskara hobetu eta erabiltzeko aukera paregabea izan dute HABE Institutuak, FEVA Federazioak eta Euskal Sustraiak euskal etxeak antolatutako ikastaro trinko honetan. “Erronka handia izan da guretzat kurtso honen antolakuntza gure gain hartzea, baina orain poz-pozik gaude oso esperientzia polita izan baita guztiontzat” adierazi du Hector Alberto Echaide euskal etxeko lehendakariak barnetegian parte hartu zutenei eskainitako agur bazkarian.

Trenque Lauquen, Argentina. Unibertsitate teknikoko ikasgeletan eta herriko kaleetan ere entzun ahal izan da Pirinio Mendebaldeko hizkuntza azken aste honetan Trenque Lauquen-en. Izan ere, Argentinan Euskaraz proiektuaren Neguko Barnetegiko ikasleek ondo asko aprobetxatu dituzte eskolak internet bidez ikasitako baliabideak errepasatu eta praktikatzeko.

Beste alde batetik, Euskal Sustraiak-ek antolatutako kanpo ekintzak ere oso testuinguru egokia bihurtu ziren hizkuntza benetako egoera komunikatiboetan erabiltzeko. Larunbat eguerdian, berriz, eta ikastaroa bukatzeko erreki edo “asado” batekin agurtu zituzten Trenque Lauquengo euskaldunek Txile, Brasil, Uruguai eta Argentinako hainbat herritatik bildutako ikasleak.

Hona hemen aste osoko argazki erreportajea:

2011ko neguko barnetegia 2011 02

[Euskal Herriko hizkuntzan murgildu dira Hegoamerikako euskara ikasleak uztailaren 23tik 30era; eta euskara izan da euren artean erabili duten komunikatzeko tresna klaseetan eta baita klasetik kanpo ere. Euskal Sustraiak euskal etxeko kideek bi bisita antolatu zizkieten bisitariei, Espainiar Antzokira eta herriko Historia Museora (argazkia EuskalKultura.com)]

2011ko neguko barnetegia 2011 03

[Gogor lan egin zuten astean zehar euskara ikasleek. Eta lan hori saritzeko Argentinan hain tipikoa den “erreki” edo asado bat prestatu zieten euskal etxe anfitrioiko kideek despedida bazkari gisa. Bazkaria euskal etxeko areto nagusian burutu zen (argazkiak EuskalKultura.com)]

2011ko neguko barnetegia 2011 05

[“Erakunde gaztea da gurea eta hasieran ez genekien barnetegia antolatzeko gai izango ote ginen. Erronka handia izan da baina gure onena jarri dugu eta oso ondo atera da dena. Poz-pozik gaude eta esker beroak eman nahi dizkiegu lagundu diguten guztiei”. Hitz hauekin eta euskal etxeko kideen izenean, Hector Echaide lehendakariak agurtu zituen Txile, Brasil, Uruguai eta Argentinako euskal etxeetako ordezkariak. Echaidek Raul Feito herriko alkateari ere eskertu zion udalak emandako laguntza. Bere hitzetan, Feitok gogoratu zuen Trenque Lauquen-en euskaldunek egin duten eta egiten duten lana (argazkiak EuskalKultura.com)]

2011ko neguko barnetegia 2011 06

[Marta Abarrategui bertaratu zen Trenque Lauquen-era. Berak ere hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari. "Ikurriñaren eta euskararen alde" lan egiten jarraitzea beharrezko dela azpimarratu zuen FEVAko idazkariak (argazkia EuskalKultura.com)]

2011 neguko barnetegia 2011 07

[Bazkaria bukatuta, euskal etxeko kideek opariak banatu zituzten ikasle eta irakasleen artean. Trenque Lauquen bertako musikariek jarri zioten musika azken agurrari (argazkia EuskalKultura.com)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia