Buenos Aires, Argentina. Astebete pasatxo falta da Iruñeko Udaletxeko balkoitik jaurtiko duten txupinazoak San Ferminen omenezko jaiei hasiera emateko. Bitartean, Diasporan, sare sozialetan ospatzeko deialdi ugari, eta mota askotakoak, ari dira egiten: bazkari eta otorduak, dantzak, mezak, mus eta kirol txapelketak, haur jolasaldiak eta kultur jarduerak. Jarraian, Argentinako Nafar Etxe eta Euskal Etxeetan antolatu diren ekitaldietako batzuk bildu ditugu.
- Buenos Airesko Nafar Etxeak (Moreno eta Colombres) santuari omenaldia egingo dio "San Fermin Kopa" Pilota Txapelketarekin uztailaren 5ean, ostirala, 19etan. Eta igandean, uztailaren 7, 12etan, txupinazoa botako dute, kaleko dantza tradizionalei bide emateko. 13etan, lehen solairuko egongelan, bazkarian, paella zerbitzatuko dute. Zozketak egingo dituzte eta musika banda batek emanaldia eskainiko du. Bukatzeko, 17etan, "Gaixoa ni" iritsiko da. Txartelak $18.000, eta uztailaren 3ra arte erreserbatu beharko da banku-transferentzia bidez. Informazio gehiago, Whatsappez 11-41840794ra idatziz.
- Bolivarren, Nafar Etxeak antolatua, ekainaren 18an hasi zen San Fermin Pilota Txapelketa 'Empleados de Comercio' izeneko Klubaren instalazioetan. Uztailaren 5ean, ostiralean, Nafar Etxearen egoitzan, hirukote Mus txapelketa jokatuko da. Larunbatean, hilaren 6an, 19etan, San Ferminen omenezko meza San Carlos Borromeo Elizan, Raíces Navarras abesbatza partaide. Uztailaren 13an, larunbata, 21:30ean, San Fermin afari eta dantzaldia Nafar Etxean, dantza taldearen eta abesbatzaren emanaldia, erreginaren aukeraketa eta azken entzierroko zuzeneko irudiekin.
- Mendozan, Nafar Etxeko lagunek Balear Etxean elkartuko dira uztailaren 21ean, igandea, 12:30ean, Sanferminetako Paella Handia partekatzeko. Kontsultak eta erreserbak egiteko, deitu Whatsapp bidez 261-7091503 telefonora.
- Rosarioko Nafar Etxeak "San Fermin Pilota Txapelketa" ere eskainiko dio santuari, ekainaren 28 eta 29an, ostiral eta larunbatean. Funesen jokatuko da. Ostiralean "Peñen Afaria" ere egingo dute. Larunbatean, hilaren 6an, txupinazoak hasiera emango dio festari, asteartera arte luzatuko da. Igandean, hilaren 7an, meza Maria Auxiliadora elizan, kalejira, ekitaldi kulturala eta bazkaria. Astelehenean, uztailaren 8an, ospakizuneko hitzordu gastronomiko nagusia, "Jamonada", eta 9an, txokolatea txurroekin zerbitzatuko da, dantza taldeak emanaldia eskainiko du eta "Gaixoa ni"rekin amaiera emango diote jaiari.
- Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak ere festa bat ospatuko du santuaren omenez. Gaztedi Zutik-ek antolatuta, larunbatean izango da, hilak 6, 21:00etan, eta sarrera txartelarekin, txistorra bokata bat, tortilla erdia eta postrea eskainiko dute.
- La Platan, Euzko Etxeak uztailaren 7an ospatuko du San Fermin, bazkari batekin. Hitzordua 12etan da eta sarrera bat, paella, eta postrerako, izozkia zerbitzatuko dute. Txartelak, edaria barne hartzen ez duenak, 15.000 peso balio ditu.
- Cordoban, Villa Maríako Euzko Etxeak 10etan meza eskainiko du "Santísima Trinidad" parrokian eta 12:30ean bazkaria, euskal egoitzako Zuberoa Aretoan. Informazioa eskatzeko edota erreserbak egiteko, idazkaritzarekin jarri harremanetan, 0353 15-421-3400 telefonoan, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 4etatik 8ak arte.
- Trenque Lauquenen, Euskal Sustariak elkarteak San Fermin Afaria antolatu du uztailaren 6an bere egoitzan Orellana kaleko 249 zenbakian. Dantzaldia izango da, Martin Nadales DJak musikatua. Gaueko hamarretan hasiko, txartelak $17.000, eta menua, honako hau: pintxoak, oilaskoa bizkaitar erara eta postrerako, goxua.
- Concepción del Uruguain, Entre Rios probintzian, Ibai Txorik Euskal Etxeak eguna arratsaldez ospatuko du, "Tea eta jolasak" topaketarekin. Txartelak $6.000 balio du eta loteria-kartoiak, $500.
Baina askoz ere gehiago izango dira gure diasporak antolatuko dituen ekitaldiak, hauek erakusgarri.
Gora San Fermin!