Rosario, Argentina. Hutsune nabaria sumatuko dute Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko ‘Palabra de Vasco’ (Euskaldun Hitza) irratsaioko entzuleek. Izan ere, azken hogei urtettik gora saioko gidari izandako Luis Maria Barrandeguyren bat-bateko heriotzak --abenduan zendu zen Zazpirak Bat Euskal Etxeko lehendakari ere izan zen Barrandeguy-- kolpatu egin zuen tartea. Euskal Etxeak, ordea, babesa eman eta segitzeko eskatu zion Barrandeguyren mikrofono-kide zen Maria Cristina Arregui-ri eta bera da ikasturte berrian saioko gidari.
Apirilaren 1ean hasi zuen bere denboraldi berria, eta bihar asteartea izango du bigarrena. Zazpirak Bat-en ahotsa den saioak betiko ordutegiari eutsiko dio, 14etatik 15etara (EHko 19etatik 20etara) Rosarioko Libertad Irratiko 1090 Khz frekuentzia, eta atal eta edukien egitura ere mantenduko du. Arregui-ren hitzetan “ohi bezala berriak, musika, euskara, kirola eta euskal etxeen ekintzei buruzko informazioa aireratuko dugu. Eta ahal dugula saio bakoitzean elkarrizketaren bat, beti ere aktualitatearekin lotuta”.
"Betebeharretako gehienak erabat berriak dira niretzat. Lehen Luis Mariaren ‘laguntzaile’ moduan aritzen nintzen eta orain nire gain doa programa prestatzeko ardura, eta egiari zor ez zait guztiz erraza egiten ari… baina poliki-poliki aurrera goaz. Zorionez ez nago bakarrik. Nirekin batera euskara ikasle den Claudio Aldaz eta Zazpiren sortzaileetako baten biloba den Raúl Ferrario ere laguntzaile dugu; bakoitzak bere ekarpena egiten du”, azaltzen du Arregui-k.
22 urtez jarraian
Duela 22 urte sortu zen irratsaioak zubilana egiten du euskal gizataldearen eta publiko orokorraren –”irratiko entzule leialen”– artean. “Gure entzuleetako askok ez dute loturarik Euskal Herriarekin, eta entzuten gaituzte irratiko beste edozein saio entzuten duten bezala. Harrigarritzeko modukoak dira haiengandik jasotzen ditugun mezuak. Askotan esaten digute identifikatuta sentitzen direla kontatzen dugunarekin. Internet bidez, Europatik adibidez, asko dira saioa zuzenean entzuten ez dutenak, grabaketa baizik, baina euren feedbacka bidaltzen digute”, adierazi dio aurkezleak EuskalKultura.eus-i.
“Berezia izaten ari den ikasturte hasiera berri honetan, Luis Maria sentitzen dut alboan eta segitzea, berak utzitako ondareari jarraipena ematea bezala sentitzen dut”, aitortzen du. “Nik ez daukat berak zeukan ezagutza ezta bere artxiboa ere". "Zer esanik ez futbolari dagokionean!!”, diosku du irribarre batekin. “Berarekin lan egin izana luxu handia izan zen eta horregatik, ahalegin handia ari gara egiten saio ahalik eta txukunena lortzeko”.
- 'Palabra de Vasco'ren weborrian, 2012tik honako saio guztiak entzun daitezke.