Durango, Bizkaia. Gaur astelehena eta bihar asteartea (askorentzat, Hego Euskal Herrian, asteartea jai, eta astelehena, zubia) bere azkeneko bi egunak izango ditu 2020ko Durangoko Azokak. Euskal Herriko publikoaren eta urtero euskaraz edo euskal gaiez ekoizten duten sortzaileen eta euren emaitzen arteko bilgarri den elkargune nagusi hau bere 55. ediziora iritsi da, pandemia neurriek baldintzatuta. Lanean gogor, baina egoeraren berriak ekarritako zalantzak ere bertan, Gerediaga Elkarte antolatzailea oso pozik agertu zaio gaur EuskalKultura.eus-i, orain arteko egunetan publikoaren aldetik jasotako erantzunarekin, datuak oraindik behin.behinekoak badira ere.
Bihar asteartea gaueko 12ak arte egin ahal izango dira erosketak. Egunean zehar hamaika ikuskizun eskainiko dira Landako Gunean eta Plateruenan. Ikus programa
Pandemiagatiko neurriak tarteko publikoa bertara ezin joanean (Durango eta ondo-ondoko herritarrak salbu), Azokak onlinetasuna eta internet hartu behar izan ditu euskarri eta horrek sekulako aldaketa ekarri dio ekimen osoari, orain artean ekimen zinez presentziala zen honi, biltzea, ukitzea, elkartzea, agurtzea ezinbesteko osagai, betiko moldean erostearekin batera.
Aurkezpenak eta zuzeneko emanaldiak etengabe biharko azken egunean ere
Gerediagak apustuari eutsi eta streaming bidez ari da eskaintzen kontzertu eta saioak, munduan edonondik jarraitzeko moduan. Eta salmenten erronkari ere eutsi dio, denda birtualarekin, Durangoratutako liburu, disko, bideo ega materiak guztiak online saldu eta etxeraino eramateko zerbitzua emanez. Erositakoaren bidalketa Euskal Herriko eta Espainiko helbideetara helarazten du, doan 45 eurotik gorakoa bada.
Programaren azkena gertatzeke, Gerediaga Elkartea oso pozik azaldu da Azoka izaten ari den partaidetzarekin eta online salmenten arrakastarekin
Salgai dauzkan produktuen artean Diasporari lotutako batzuk ikusi ditugu, hala nola "El exilio vasco", Iker Gonzalez Allende idazle (Deustuko Unibertsitatea, 2016); "Euskal Herria en la Patagonia: Florencio Basaldúa, un vasco en la Argentina", Kepa Altonagarena (Pamiela, 2020) edo CD-liburua "Juan Sebastian Elkano: Lehen Mundu Bira", Euskal Barrokoensemble / Enrike Solonís-ena (Alia Vox, 2020).
Anima zaitez eta saltseatu webgunean, topatuko dituzu zalantzarik gabe zure gustuko bideo, zuzeneko emanaldi, liburu, disko eta material eta emaitzak oro har.
-Durangoko Azokaren webgunea, bideoekin, zuzeneko streamingak, berriekin eta gehiagorekin
-Denda bertan materiala gainbegiratu eta erosteko
-Durangoko Azokaren 55. edizio honetako Programa. Segi ekitaldien bideoak