euskal diaspora eta kultura
2009/08/18
PUBLIZITATEA
Trois-Pistoles, Quebec. Quebec-en, San Lorentzo ibai bazterrean kokatua den Trois-Pistoles herriko Parc de l'Aventure basque en Amerique (PABA) Quebec-en eta Kanadan garrantzitsua izan zen euskal presentzia historikoa hobeto azaltzen duen baliabidea da. Parke tematikoa eta museo baten arteko egitura bat den PABAk balea eta bakailaoa harrapatzera etorri ziren euskal kostalde osoko espedizioen historia kontatzen du. Horretarako, euskaldunak nor diren, nolakoak, euskal hizkuntza, kultura, moldea, musika eta gainerako ezaugarri tradizionak ere esplikatzen ditu. Eta PABAk, bere eremuan duen pilotaleku eta instalazioetan, euskal festak antolatu izan ditu, horretarako --aurten bezala-- musikari, pilotari eta kirolariak Euskal Herritik, St. Pierre eta Miquelondik eta Quebec bertatik ekarri dituela.
Euskal festa hauetan, izan ere, indar berezia hartzen dute euskal herri kirolek. Bisitariek euskal janaria dastatu, musika entzun, kirolez gozatu eta bisita gidatuak egiten dituzte museoan. Sari ekonomikoak garrantzitsuak izan dira aurtengoan ere; esaterako, soka-tira norgehiagoketan, konpetizioa eragiteko nahikoak bederen, honetan Quebec bertako taldeak lehian sartzen direla. Pilotan, gazte eta heldu, emakume zein gizonak aritu dira. Parc-eko zuzendari nagusi den Simon Vigneault-en esanetan, gauzak xarmantki joan dira eta pentsatu baino erantzun hobea lortu dute, bi mila bat jende aste osoan, eta soilik igande arratsaldeko txapelketetan 400 bat pertsona.
Baina hau abuztuko lehenengo asteburuan gertatu bazen, uztailaren 24tik agorrilaren 2raino alegia, bertatik ez urrun, kostalde atlantikoan, St. Pierre eta Miquelongo irlek aste honetan bertan egingo dituzte euren euskal jaiak, izan ere datorren igandera arte, hemen ere bertako pilotalekuaren inguruan. Gogoratu euskaldunekin lotura handia daukaten uharte hauek geografikoki Kanadan kokatzen direla, baina politikoki Frantziako parte direla. Programak pilota partidak, euskal dantza emanaldiak, dantzaldi eta bala eta euskal musika eta janaria biltzen ditu.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus